AKTUALITATEA


| 2022-06-20 11:34:00

EH Bildu akordio batera heldu da EAJ eta PSErekin Landa Garapenerako Legea onartzeko. Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak iragarri duenez, koalizioak baiezkoa emango dio legeari, Jaurlaritzaren jatorrizko testuan “hobekuntza nabarmenak txertatu ditugulako”. Zehazki, “lehen sektoreak landa garapenean duen garrantzia aitortzea lortu dugu, bere etorkizuna bermatzea politika publikoetan kontuan hartu beharreko ezinbesteko erronka baita”.

Hori ez ezik, beste helburu argi bat ere jasoko du legeak: herrietan zein hirietan bizi kalitatea antzerakoa izan dadila. “Gaur egun landa eta hiri eremuen artean dagoen arrakala amaitzea nahi dugu; ezin dugu onartu herri batean bizitzeak hirian ohikoak diren oinarrizko zerbitzu eta abantailei uko egitea ekarri behar duenik. Herrietan bizi garenok ongizate maila bera izan behar dugu, gure eskubidea da. Arlo guztietako zerbitzuak bermatu behar dira landa eremuan herriak erakargarriak izan daitezen. Hala egingo ez bagenu, despopulazio eta demografia arazoetan sakondu baino ez genuke egingo”.

Etxebarriak azaldu duenez, Landa Garapenerako Legeak Europako Nekazaritza Politika Bateratutik datozen funtsak erabiltzeko irizpideak ezarriko ditu, bai eta programak eta planak antolatu, kudeatu eta finantzatzeko tresnak eta baldintzak zehaztu ere. Ildo horretan, EH Bilduren ekarpenek egitura eta tresna horiek hobetuko dituzte. Hala, azpimarratu du legebiltzarkideak, “Landa Garapenerako Elkarteen funtzioak babestu eta euren finantzazioa hobetu dugu, proiektuak martxan jartzeko aukera izan dezaten; lehen sektoreko sindikatuek plan eta programen diseinuan parte hartuko dutela bermatuko da, behetik gorako gobernantza eredua sustatuz; tokiko erakundeen eskumenak errespetatuta, ahotsa izango dute programak diseinatzerakoan, eta, azkenik, legeak berariaz jasoko du landa garapenerako politikek eta programek genero ikuspegia eta hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko betebeharra”.