AKTUALITATEA


| 2025-02-11 13:44:00

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari Legebiltzarrean, datorren asteko Kontrolerako osoko bilkuran, Martxoaren 3ko Memoriala hartu behar duen Zaramagako San Frantzisko elizaren hondatzea dela eta. Izan ere, gaur bertan komunikabide batek argitara atera dituen argazkiek agerian uzten dute eraikinaren egoera kaskarra eta larria, tamaina handiko piezak erori eta itoginak eta ur putzu handiak daudelako, “Gasteizko Gotzaindegiaren eta instituzioen utzikeriaren ondorioz”, Amancay Villalba legebiltzarkideak salatu duenez.

Martxoaren 3ko eliza Memoria Gune izendatzeko Gobernu espainolaren erabakia gogora ekarri ostean, Villalba kezkatuta agertu da eraikinak egun duen egoerarekin. “Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak azaldu behar du zer nolakoa pausuak emango dituen Jaurlaritzak, auzi honetan ardurak dituzten gainerako instituzioekin batera, eraikinak premiaz behar dituen egiturazko konponketak egiteko, eta zer finantzazioa erabiliko den horretarako”. Izan ere, 2023ko Estatuko aurrekontuen negoziazioan, EH Bilduk 600.000 euroko kontu-sail bat adostu zuen Gobernu espainolarekin konponketa horiek finantzatzeko eta Memoriala ahalik eta lasterren sortzeko.

Horren haritik, Villalbak gogorarazi du 2021ean sinatu zela San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko protokoloa, Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Gotzaindegiaren artean, “eta oraindik zain gaude; bada garaia instituzioek Martxoaren 3ko Memoriala serio hartzen hasteko”.