AKTUALITATEA


| 2023-06-01 12:38:00

EH Bilduk mozio bat defendatu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Arabako Mahastiak sor markaren aurkako erasoei aurre egin diezaiela eta, alde horretatik, helegite bat aurkez dezala jatorri deitura horren izapidetzea behin-behinean eten duen EAEko Auzitegi Nagusiaren autoaren kontra. Itxaso Etxebarriak ezinbestekotzat jo du “Jaurlaritzak bide jurisdikzional guztiak agortzea” Arabako Mahastiak markaren tramitazioa defendatzeko, eta ohartarazi du “hala ez egitea Arabar Errioxan Arabako Mahastiak sustatzen ari diren upategien eskubideak urratzea” litzatekeela. “Euskal enpresak dira eta Jaurlaritzaren obligazioa da euren eskubideak defendatzea”. EAJk, hala ere, koalizioaren proposamenaren kontra bozkatu du, PSE, PP eta Voxekin batera.

EH Bilduko legebiltzarkideak Arabako Mahastiak ekimena Logroñotik, Madriletik eta Lakuatik bertatik ere pairatzen ari den erasoak gaitzetsi ditu, eta gogorarazi du Europar Batzordeari bakarrik dagokiola Jatorri Deitura gisa inskribatzeko baldintzak betetzen dituen ala ez aztertzea eta erabakitzea. Lakuako Gobernuak, beraz, proiektua tramitera onartu eta Bruselara bidali behar du, hori baino ez, hori delako dagokion eskumena, gainerako erakundeen esku-sartzeetatik defendatu behar duena, Arabako Mahastiak sor markaren gaineko erabakia ez delako hartu behar ez auzitegietan, ez ministerioetan, ez Rioja Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailean.

Etxebarriak azaldu duenez, EH Bilduk Arabako Mahastiak defendatzen du, proiektu hori martxan ipini duten Arabar Errioxako upategien helburua “euren bideragarritasuna eta errentagarritasuna arriskuan jartzen dituen Rioja Jatorri Deituraren eredutik bereiztea” besterik ez delako. “Kalitatea kantitatearen gainetik jarrita ekoitzi nahi dute ardoa, primerako mahatsekin, mahasti bereziekin, mahatsa prezio duinetan ordainduta, eskualdean errotuta dauden upategietan, kalitatezko enplegua eta bizimodu duinak sortuz. Upategi horiek eskubide osoa dute Jatorri Deitura berri horren inskripzioa eskatzeko. Arabako Mahastiak aukera bat da, inori inposatzen ez zaiona, Rioja Jatorri Deiturapean ekoizten jarraitu nahi duenak horretan jarraitu ahal izango duelako”.