AKTUALITATEA


| 2025-02-13 10:43:00

EH Bilduk alokairu-merkatuko erreferentziazko prezioen indizea sortzeko prozesua atzeratzea eta blokeatzea leporatu dio gaur EAJri; izan ere, foru aldundiei dagokie horren inguruko datu guztiak biltzea eta lantzea, bai eta Ministerioari bidaltzea ere, indizea hark zehaztu dezan, baina etengabe atzeratzen ari dira prozesua. Horren ondorioz, ohartarazi du Xabier Astigarraga legebiltzarkideak, oraindik ezin dira aplikatu Etxebizitza Legean alokairuen prezioak mugatzeko aurreikusitako hainbat neurri, tentsio handiko eremuak izendatu arren, Errenteriako Udalak egin duen bezala, aplikagarriak liratekeen neurri guztiak aplikatzeko ezinbesteko baldintza delako prezioen indizea edukitzea.

Hori dela eta, aldundien jarrera oztopatzailea ikusirik, blokeo egoeratik ateratzeko, Astigarragak proposatu du erreferentziazko prezioen indizea sortzeko prozesuan lidergoa eta ardura Jaurlaritzak har dezala, betiere aldundiekin lankidetzan.

Astigarragak gogora ekarri duenez, Errenteria izan da, iragan urtarrilaren 28an, EAEn tentsio eremu gisa izendatutako lehen herria, “baina izendapen hori hankamotz etorri zen, prezioen indizea oraindik ez delako garatu, eta hori oso larria da, herrien gain lan zama handia jarri delako tentsio eremu gisa izendatzeko prozeduran, eta bien bitartean Jaurlaritzak eta diputazioek ez dituzte zegozkien lanak garaiz egin. Bidegabea da, albo-kalteak herritarrek, langile klaseko jendeak, sektore popularrek. ordainduko dituztelako, eta jabe rentista handiak dira onuradun handienak”.

Atzerapen eta blokeo horren atzean “arrazoi politikoak besterik ez daude”, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez. “EAJk aldundietan duen nagusitasuna baliatu du prezio indizea sortzeko prozesua ahal izan duen guztia blokeatzeko. Argi dago EAJk alokairuen prezioen erregulaziorako politikak blokeatzen dituela posible duenean, izan legearen aurka bozkatuz, legeari errekurtsoak jarriz, edo diputazioetan indizearen garapena oztopatuz”.

PSEren jokabidea ere kritikatu du, Jaurlaritzan Etxebizitza Sailaren ardura duen arren, “kasu honetan ez duelako etxebizitzaren arazoa konpontzeak eskatzen duen anbizio maila erakutsi”. Izan ere, “adierazpen publikoetan Diputazioa interpelatzea, zure alderdia bera Diputazio horren parte denean ez da Jaurlaritzari exigitu dakiokeen kudeaketa maila afera honetan. Hori baino askoz gehiago egin daitekeela uste dugu”.