EH Bilduk akordio zabala sustatu du gaur Legebiltzarrean upategietan, sagardotegietan eta garagardotegietan hartzidurak sortutako karbono dioxidoaren isuriek eragindako lan istripuak saihesteari begira. Vox izan ezik, gainerako talde parlamentario guztiak ados agertu dira upategietan prebentzio neurriak hobetzearekin, urrian Lantziegoko upategi batean gertatu zena berriz errepikatu ez dadin. Izan ere, Itxaso Etxebarriak gogorarazi duenez, Lantziegon bi gizon itota hil ziren, eta hirugarren bat larri eraman zuten ospitalera, eta duela hiru urte beste bi langile hil ziren arrazoi berberagatik, kasu hartan Lapuebla Labarkan.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, behar-beharrezkoa da lan istripu horiek saihesteko protokoloak eta neurriak hobetzea, eta, alde horretatik, aurrerapausotzat jo du gaurko akordioa, karbono dioxidoak (tufoak) eragindako istripuak ekiditeko eta, oro har, upategien jarduerak dakartzan bestelako arriskuak ere saihesteko, bai eta bertan aritzen direnen prestakuntza eta kontzientziazioa hobetzeko ere.
Zehazki, akordioaren arabera, Jaurlaritzak laguntza eta aholkularitza teknikoa emango die upategiei euren prebentzio protokoloak egokitu ditzaten; ikerketa sustatuko du sektorean tufoaren ondoriozko istripuak prebenitzeko; asfixia arriskuari buruzko materiala prestatuko du ardogile eta langileentzat, haien prestakuntza eta sentsibilizazioa hobetzeko; baliabide ekonomikoak bermatuko ditu upategietan, batez ere upategi txiki eta familiarretan, teknologia eta gailu berriak sartzeko, eta Lan Ikuskaritzaren jarduera indartuko du.