AKTUALITATEA


| 2026-04-15 11:13:00

Jaurlaritzaren helburu nagusia ez da Osasun Sistema Publikoan ditugun arazo estrukturalak konpontzea, itxura hori ematea baizik. Azken urteotan Osakidetzari buruz herritarren artean zabaldu den pertzepzio negatiboa aldatzea du helburu, baina ez pertzepzio hori sortu dituzten arazoei benetan erantzutea. Hala, ohiko bihurtu da Alberto Martinez Osasun sailburuaren ekipoa iritsi aurretik jada martxan zeuden planak berriz ere iragartzea. Edo lehenagotik egiten ziren gauzak berriro aurkeztea, berriak balira bezala. Benetako edukirik ez duten iragarpenak etengabe egitea. Hitz batean, marketina, baina marketinak ez ditu arazoak konpontzen”.

Hala mintzatu da Rebeka Ubera Gasteizen, Osasun Ituneko Mahaiaren bileran. Bere diagnostikoaren isla izan da bilera, adierazi duenez. “Sailburuak Osasun Ituneko lantaldeetan teorian abian jarri diren ekimenen betetze maila aurkeztu digu. Portzentaje handi batean planak eta neurriak bete egin dituztela edo betetzen ari direla saldu nahi izan du. Ehuneko altuak aurkeztu ditu, baina inork ez du azaldu nondik ateratzen diren ehuneko horiek, zeren arabera neurtu den ekimen horien betetze-maila, non jarri diren martxan, zein izan den finantzazioa… Sailburuaren irakurketa guztiz arbitrarioa da, autokonplazentziatik egindako analisia”.

Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du “sailburuaren balantzea ez datorrela bat Osakidetzako errealitatearekin”. Izan ere, “bertako profesionalek ematen diguten informazioaren arabera, plan eta ekimen horien guztien betetze-maila oso urrun dago sailburuak emandako ehunekoetatik. Profesionalek beraiek esaten digute ez dela egia sailburuak dioena, eta horren froga da duela hilabete bat, martxoaren 13an, gertatu zena. Egun hartan Osasun Sailak Osakidetzako hainbat profesional bildu zituen, galdetzeko nola garatu Osasun Itunean onartutakoa, eta planak aurrera eramateko laguntza eskatzeko. Hori martxoaren 13an gertatu zen. Bistan dago Osasun Itunaren betetze-maila ez dela Gobernuak aurkezten duena”.

Hori dela eta, Uberak Osasun Ituneko lantaldeetako dinamizatzaileek egindako eta sinatutako ebaluazio txostenak eskatuko ditu Legebiltzarrean. “Gardentasuna exijitzen dugu, ekimen guztien benetako betetze-maila ezagutu nahi dugu, eta horretarako bide bakarra dago, profesionalek beraiek egindako ebaluazioak ezagutzea, alegia, Gobernuak aurkeztutako dokumentuak, autokonplazentziak gidatutakoak, bere interes politikoei erantzuten dielako, ez errealitateari”.

Gardentasun falta ere kritikatu du. “Gaur batzartu gara Osasun Ituneko Mahaian, lehen aldiz 2025eko ekainaz geroztik, eta hori ere esanguratsua da, erakusten duelako nola ulertzen dituen Osasun Sailak gardentasuna eta elkarlana”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzaren egiturazko arazoei behingoz heltzearen garrantzia azpimarratu du, eta, egoera zein den ikusita, “guztiz justifikaturik” ikusi ditu Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek larunbaterako deitu dituzten mobilizazioak. “Zoritxarrez, behar-beharrezkoa da oraindik Osasun Publikoa defendatzen jarraitzea. Horregatik, EH Bilduko gizon-emakumeok Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioetan egongo gara, eta deialdi horiekin bat egitera deitzen diegu herritar guztiei”.