Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetan hizkuntza-eskakizunen sistema blindatzea helburu duen Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren tramitazioa azken txanpan sartzen ari den honetan, Josu Aztiria legebiltzarkideak lege erreforma hori adosteko EH Bilduren prestasun eta borondatea berretsi ditu gaur, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeak duen garrantziak akordio zabalak josten etengabe saiatzea eskatzen duelakoan. Horren haritik, mahai gainean dagoen aukera hori, hizkuntza-eskakizunen sistemaren blindatzea adosteko aukera, alegia, pasatzen ez uzteko eskatu die EAJri eta PSEri.
Aztiriak adierazi duenez, oinarriak egon badaude akordio politiko zabala lortzeko: bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna, herritar guztien hizkuntza eskubideen errespetua eta prozesuaren malgutasuna eta progresibitatea. Hori horrela, ulergaitza da, bere iritziz, bai EAJ, bai PSE debate honetan erakusten ari diren jarrera, hasieratik EH Bildu negoziaziotik kanpo utzi egin dutelako. “Prozesu honetan EAJk eta PSEk ez dituzte erdigunean ipini ez euskararen biziberritzea, ez hizkuntza-eskakizunen sistemaren blindatzea, bestelako interesak baizik. Interes alderdikoiak lehenetsi dituzte, euren ustez lege erreforma honek ekar liezaiekeen koste politikoa minimizatu nahian. Horren beldur dira eta, euskara eta herritar guztien hizkuntza eskubideak erdigunean ipini beharrean, itxurak egiten ari dira, zerbait egiten ari direla nola edo hala irudikatzeko. Pentsaezina da, arduragabekeria handia, hau bezalako funtsezko gai batean euskararen beharrak eta segurtasun juridikoa erdigunean ez jartzea. Gure eskua, hala ere, luzaturik jarraitzen du, eta, borondatea baldin badago, oraindik garaiz gaude lege erreforma adosteko”.
Aztiriak EH Bilduren lege proposamenak paradigma aldaketa dakarrela nabarmendu du, EAEko administrazio publikoetan lan egin ahal izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutzaren derrigorrezkotasuna ezartzen baitu printzipio orokor gisa, betiere malgutasunez eta modu progresiboan aplikatuta, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta; hau da, lanpostu batzuetan epe bat irekiko litzateke langileek euskararen ezagutza frogatzeko, eta, bitarte horretan, plaza horiek betetzen dituztenek liberazioak eta prestakuntza plan pertsonalizatuak jasoko lituzkete, dagokien hizkuntza gaitasuna ahalik eta azkarren lortu ahal dezaten.
EH Bilduk planteamendu horren garapen zehatzaren proposamena helarazi die EAJri eta PSEri, baina –salatu du Aztiriak– ez du erantzunik jaso. Azaldu duenez, “gure proposamenean erreferentziazko indize bat sortzen dugu, administrazio bakoitzean nahitaezko hizkuntza-eskakizuna atzeratu daitezkeen plazen portzentajea zehazten duena, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera, eta hortik aurrera bost urteko plangintzaldi bakoitzean indize hori murriztuz joateko konpromisoa ezartzen da, administrazio bakoitzari erritmoa doitzeko aukera emanez, baina beti aurrera egiteko konpromisoarekin. Udalerri euskaldunetan, aldiz, administrazioek ez lukete indize hori betetzeko obligaziorik izango. Formula honekin EAEko administrazio gehien-gehienak erabat euskaldunak izango lirateke 15-20 urtetan”.
EH Bilduko legebiltzarkideak proposamen horren segurtasun juridikoa azpimarratu du, lege erreformaren tramitazioan parte hartu duten aditu gehienek egiaztatu bezala. Izan ere, proposamenaren oinarria Katalunian, Galizian, Valentzian eta Balearretan indarrean dagoen legedia da, Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman duena, adituek azaldu zutenez. “Beraz, gurea da segurtasun juridiko handiena ematen duen proposamena; EAJrena, aldiz, partxe bat baino ez da, eta hala esan zuten adituek, eta epaileen esku-hartze arbitrarioak ugaritzea ekarriko luke”.
Zuzenketak aurkezteko epearen luzapena
Datorren astelehenean amaitzekoa zen zuzenketak aurkezteko epea zazpi egunez luzatzea adostu du gaur Legebiltzarreko Mahaiak, EAJk eskatuta. Aztiriak begi onez hartu du erabakia, erreforma adosteko baliagarria izan daitekeelako. “EH Bilduk proposamen bat dauka, EAJri eta PSEri helarazi dieguna, eta uste dugu negoziazioa desblokeatzeko balio dezakeela, bi alderdi horiek defendatzen dituzten planteamenduei modu inklusiboan erantzuten dielako. EH Bildu da, beraz, auzia desblokeatzeko bermea. Edonola ere, zuzenketak aurkezteko epea luzatzea positiboa izango da negoziatzeko borondatea baldin badago soilik. Hori da gakoa, ez denbora, orain arte denbora egon delako, baina ez dute baliatu EH Bildurekin negoziatzeko”.