EH Bilduk oso akordio zabala sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin, EITBk sortu berri duen Primeran streaming plataformaren balorazio ona egiteko, ingurune digitalean euskararen presentzia handitzen eta euskararen biziberritzen lagunduko duelakoan, eta Jaurlaritzari eskatzeko ikus-entzunezkoen alorra indartzeko eta sistema bezala egituratzeko dauden aukera ezberdinak aztertu eta garatu ditzala.
Jasone Agirrek Primeran plataformaren jaiotzak aspaldiko partez piztu duen ilusioa nabarmendu du, euskarazko ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko “akuilu ederra izan daitekeelako”, nahiz eta horren gabezien erakusle ere bilakatu daitekeela ohartarazi duen. “Jaurlaritzak erabaki behar du zer nahiago duen. Guk argi dugu: aukera hau aprobetxatu behar dugu Primeran akuilu eder hori izan dadin, plataforma horrek aro berri bat zabal dezakeelako, besteak beste, gazteak erakarri eta fidelizatzeko eta euskarazko edukiak ahalik eta euskarri gehienetan zabaltzeko”. Alde horretatik, gaurko akordioak “euskararen biziberritzeari, normalizazioari, lagunduko dio, euskarazko ikus-entzunezkoen arloan aro berri bat zabaltzen ari den honetan”, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz.
Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko akordio hau iritsi den testuinguruari ere erreparatu dio Agirrek. Izan ere, “askatasunak kolokan dauden honetan, euskararen aurkako oldarraldi bete-betean gaudela, legea betearazteaz gain, euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz eta kontsumituz egin beharko diogu aurre egoera horri, zeren faxismoari euskarazko edukiak ikusten eta entzuten egiten zaion aurre ere bai. Beraz, herri bezala biziraun nahi badugu, euskarazko ikus-entzunezko sektore indartsua behar dugu, eta ezinbestekoa da esparru horretan apustu sendoagoa egitea, nazio bat garelako”.