AKTUALITATEA


| 2023-03-23 12:50:00

EH Bilduk akordio zabal eta garrantzitsu bat lortu du gaur Legebiltzarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko gutxieneko soldata propioa, euskal errealitate sozioekonomikoari egokitua, adosteko bidean. Koalizio abertzalearen ekimenez, Legebiltzarrak (EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUren botuekin) Jaurlaritzari eskatu dio lanbidearteko akordio bat sustatu dezala, “EAEko errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren negoziazio kolektiboko gutxieneko soldata bat” jasoko duena. Izan ere, akordio parlamentarioak dioenez, “komeni da sindikatuek eta patronalak lanbidearteko akordioaren esparruan EAEn negoziazio kolektiboko gutxieneko soldata bat adostea, EAEko errealitate sozioekonomikoari egokituko zaiona”.

Arkaitz Rodriguezek gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du bi arrazoirengatik: batetik, Legebiltzarrak Urkulluren Gobernuari lidergoa hartzeko, proaktiboa izateko eta gutxieneko soldata hori sustatzeko eskatzen diolako; bestetik, patronalari ere interpelatzen diolako eseri eta negoziatu dezan, orain arte patronala izan baita honetaz hitz egiteari uko egin diona. “Onartezina da patronalak etekin historikoak pilatzen egotea, baina gutxieneko soldata eta soldatak oro har igotzeaz hitz egiteari uko egitea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Europako Karta Sozialaren arabera, gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60a izan behar du, eta irizpide horri jarraitu dio Gobernu espainolak SMI 1.080 eurora igotzeko. “Alabaina, hemen, batez besteko soldata Espainiakoa baino %20 inguru altuagoa da, bizitza, oro har, %20 inguru garestiagoa delako. Beraz, EAEko errealitate sozioekonomikoa aintzat hartuta, hemen 1.080 euroko SMI hori oso motz gelditzen da; Europako Karta Sozialaren irizpideei jarraiki, 1.400 eurokoa beharko luke, eta ez Espainian ezarri duten 1.080 eurokoa. Galdera argia da: hemen bizitzaren kostea %20 altuagoa bada, zergatik izan behar dugu %20 baxuagoa den SMI bat? Zergatik?”.

Burujabetza falta, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumen falta dago egoera horren oinarrian, eta horregatik aldarrikatu du Rodriguezek lan harremanen gaineko eskumen guztiak eskuratzeko premia, “eskumen guztiak behar ditugulako gure errealitateari egokituko zaion SMI bat ezarri ahal izateko eta, finean, bizimodu duinak bermatu ahal izateko, burujabetza lan baldintza, pentsio edota SMI hobeen sinonimoa baita”.

Bien bitartean, edonola ere, badago zer egin, eta gaurko akordioa horren froga da. “Ezin gaitezke besoak gurutzatuta gelditu. Konpetentziarik gabe ere badago biderik beharko genukeenaren moduko gutxieneko soldata bat ezartzeko. Nola? Lanbidearteko akordio baten bidez; hain justu, hori da gaur adostu duguna, Jaurlaritzak EAEko errealitate sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko soldata bat jasoko duen lanbidearteko akordio bat sustatu dezala”.