AKTUALITATEA


| 2022-11-10 15:15:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak makroustiategien jarduna mugatzea adostu du. Zehazki, koalizioak sustatutako akordioaren arabera, Jaurlaritzak 515/2009 Dekretua egokituko du ustiategi berriak irekitzea edo daudenak handitzea eragozteko, ingurumenean eta sektorearen etorkizunean eragin dezaketen kaltea murrizteko asmoz. Horretarako, dekretuak makroustiategi horietan gehien jota izan daitekeen abelburu kopurua eta ekoizpen gaitasuna ezarri eta haien artean gorde beharreko distantziak arautu ditu, enpresa handi horien jarduna mugatzeko eta ustiategi txikien eta familia-nekazaritzaren jarduera babesteko.

Itxaso Etxebarriak lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, makroustiategi horiei mugak jartzea funtsezkoa baita abeltzaintza eredu jasangarria, estentsiboagoa eta gehienetan ustiategi familiar txikiek osatua babesteko. “Behin eta berriz esaten ari gara Lehen Sektorearen egoera kritikoa dela eta bere etorkizuna bermatzeko premiazkoa dela neurriak hartzea, neurri estrukturalak, diru-laguntzetatik harago joan behar dutenak, sektoreak bere jarduna baldintza duinekin eta kanpo mehatxurik gabe garatu ahal izan dezan. Egungo egoera ikusita, EAEn edo inguruetan horrelako industriak irekitzea hondamendia litzateke gure sektorearentzat”.

Horren haritik, Nafarroako adibidea ekarri du gogora. “Han 265 ekoizle zeuden 2009an, Caparroson makroustiategi bat ireki zenean, eta iaz 141 baino ez ziren geratzen”.