AKTUALITATEA


| 2022-11-30 14:47:00

EH Bilduk abstentzio kritikoa eman dio Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legeari. Nerea Kortajarenak azaldu duenez, “ardura politikoagatik, ez dugu babes sistema zalantzan jartzen lagunduko; guk inoiz ez ditugu pertsonak babesteko planteatzen diren urratsak oztopatuko, txikiak izanda ere”. Izan ere, pasa den legealdian Artolazabal sailburuak aurkeztu zuen lehenengo lege proiektuarekin alderatuta, Idoia Mendiak oraingoan ekarritakoan hobekuntzak egon badaude, EH Bilduk eskatzen zuen norabidean.

Hala ere, Kortajarenaren iritziz, babes sistema indartzeko aukera on bat galtzen ari gara, Jaurlaritzak tramitazioan zehar marra gorri bat ipini duelako: sistema indartzeko inbertsioa handitzea ekarriko zuten proposamen guztiak atzera bota ditu. Hala, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk hitzartu duten legeak eskainiko duen “babes maila gure ahalmenaren eta gure beharren azpitik egongo da”.

EH Bilduk, ordea, “pobrezia murrizteko baliabideak handitzeko hautua egiten du, gehiago eta hobeto babesteko hautua, babes horren bitartez bizitza duinak bermatzeko, aukera dagoelako, aurrekontuen orekak apurtu gabe”. Horri dagokionez, Kortajarenak gogorarazi du 2023an Lakuak Madriletik, IMV-Bizitzeko Gutxieneko Errentatik, hain zuzen ere, datozen 187 milioi euro gehiago kudeatuko dituela eta, hortaz, hori baliatuz, “orain arte pobrezia murrizteko egindako esfortzu ekonomiko propioari eustea nahikoa litzateke hobeto eta gehiago babesteko”. EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, baina, Jaurlaritzaren esfortzu propioa gutxitzeko baliatu dute IMVren bitartez jasotako dirua.

EH Bilduk, azaldu du Kortajarena, “etorkizuna prestatu, eskubideak zabaldu, gehiago eta hobeto babestu, bizitza duinak bermatu eta oinarrizko beharrak asetuko dituen babes sistema bat diseinatzeko” baliatu nahi izan du gaur bozkatu den lege proiektua, baina azkenean onartuko den legea, bertan dauden aurrerapausoak ukatu gabe ere, “ez da nahikoa izango gainera datorkigunari heltzeko”.

Horren haritik, legebiltzarkide independentistak azaldu du DSBE-Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoak Estatuko indizeen araberakoak izango dira eta, ondorioz, ez dutela bermatuko inor ez geratzea pobreziaren atalasearen azpitik. Halaber, “aukera galdu da DSBE 18 urtetik aurrera bestelako baldintza gehigarririk gabe jaso ahal izateko; Errolda eskakizunari dagokionean, 3 urteko eskakizuna mantentzen da irizpide orokor gisa, 2012an PPrekin adostu bezala; ez da urratsik eman nahi izan pentsiodunen prestazioa automatizatzeko eta ofizioz tramitatzeko; DSBEren onuradun izan daitezkeen kolektibo zaurgarriak zabaltzen dira, baina kanpoan geratzen dira bazterketa egoeran daudenak edo etxerik gabekoak; izaera sozial, sanitario edo soziosanitarioko egoitza zerbitzuen erabiltzaileei DSBE jasotzeko eskubidea aitortzeko aukera ere galdu da; etxebizitza berean bizikidetza unitate batek baino gehiagok DSBE jasotzea ahalbidetzen da, baina zenbatekoa %15 jaitsiz, eta prestazioak indibidualizatzeko aukera ere galtzen da, ikuspegi feminista batetik garrantzitsua zena”.