AKTUALITATEA


| 2022-02-28 10:57:00

Gaur amaituko da Landa Inguruaren Garapen Lege Proiektuari zuzenketak egiteko epea eta guztira, EH Bilduk 70 zuzenketa aurkeztu dizkio. Ekarpen horien guztien helburua nagusiak batetik lehen sektorea landa garapenerako ardatza izatea eta bestetik, landa garapen plangintza ezberdinak diseinatu eta garatzeko orduan Toki Erakundeek eta Landa Garapen Elkarteek izan behar duten garrantzia azpimarratzea dira.

Izan ere, Gobernuak aurkeztutako lege proiektuak Hazi Fundazioaren menpeko LURRALDE izeneko erakundea sortzea planteatzen du lan hauek guztiak aurrera eramateko. Lege proiektuak jasotzen duen eredu zentralizatu horren aurrean, EH Bilduk beste eredu deszentralizatu bat planteatu du non toki erakundeen eta Landa Garapen Elkarteen papera ezinbestekoa izan behar den. “Tokian tokiko Landa Garapen Elkarteek euren kudeaketa-planak erabaki eta gauzatu behar dituzte Lurraldearen laguntza eta aholkularitzarekin”, azaldu du Itxaso Etxebarriak EH Bilduko legebiltzarkideak. Programak diseinatzeko prozedura partehartzaileak ezartzea proposatu du EH Bilduk, legeak oinarritzat izan behar duen behetik-gorako eredua bermatzeko.

Horri lotuta, Landa Garapen Elkarteen parte-hartzea zehazten da eta hauek finantza-tresna propioak bermatuta izatea eskatzen da, ez soilik egiturak mantentzeko baizik eta programetan jasotzen diren proiektu zehatzak garatzeko.

Landa eremuko eta hiri eremuko ongizate mailak parekatzea bilatzen du EH Bilduk egindako proposamenekin. Landa gunetako jarduera ekonomikoaren sustapena eta dibertsifikazioa du helburu lege honek eta ezinbestean lurralde oreka bermatu beharko du. “Zentzu horretan jarduera sustatu eta dibertsifikatu behar da, erakundeen arteko beharrezko koordinazioa bermatuz , landa eremu horietan biztanleria eta zerbitzuak ezarri daitezen, beti ere funtsezkoa den lehen sektoreko jarduera eta landa eremuko pertsonen bizimodua errespetatuz”, gaineratu du Etxebarriak.

Bestalde, EH Bilduren ustez, landa espazioa babesteaz gain sustatu egin behar da, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak okupatzen dituen lurrak murriztuz doazelako. Halaber, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak enplegu-aukera erakargarri gisa ikus daitezen herritarren bizi-kalitatea bermatu behar da.

Honetaz aparte, EH Bilduk beste zenbait arlo izan ditu kontuan zuzenketak egiterakoan, besteak beste,  ekoizpen ekologikoa, horretarako nekazaritza-ekologikorako ondarea bultzatuko duen hazi-banku bat proposatuz, energia berriztagarrien ezarpen deszentralizatua, lehen sektorea energiaz hornitzeko instalazio txikiak bultzatuz, eta  emakumearen parte-hartzea, genero ikuspegia programa guztietan bermatzeko berariazko zuzenketak proposatuz.

Azkenik, lanaren antolaketarako eredu berriak garatzen laguntzearen alde azaldu da EH Bildu. Horretarako, oinarri hartuko dira ekonomia soziala, solidarioa eta lankidetzakoa. Hauen garapenaren bidez, kalitatezko enplegua lortzeko eta belaunaldien arteko erreleboa eta emakumeen parte-hartzea bultzatzeko, informazioaren teknologia berriek, berrikuntza teknologikoek, bio-ekonomiak, digitalizazioak, 4.0 industriak, 4.0 Nekazaritzak eta 4.0 Abeltzaintzak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea planteatu du. Turismo arloan masifikazioa saihestea eta jarduera tradizionalak eta natura ingurunea errespetatzea ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk.