EH Bilduk 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeei maskarak doan banatzea proposatu dio Nekane Murgari


| 2020-05-06 11:41:00

EH Bilduk proposamen sorta helarazi dio gaur berriz ere Nekane Murga Osasun sailburuari alderdietako ordezkariekin izan duen bileran. Besteak beste, Rebeka Uberak 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeei maskarak doan banatzea proposatu dio, kolektibo horiei lehentasuna ematea premiazkoa delakoan, “Covid-19ari aurre egiterakoan, eta are gehiago behin konfinamendutik aterata, maskara horiek ahalbidetzen dituzten neurri higienikoak funtsezkoak baitira kutsatze maila kontrolpean mantentzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du beste zenbait erkidegotan 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeei maskarak doan banatzea erabaki dutela, “eta hemen ere berebiziko garrantzia du pertsona horiei une honetan funtsezkoa den produktu hori eskuratzea erraztea”. Azaldu duenez, Osasun Sailak errezeten sistema bera erabil dezake maskarak banatzeko, farmaziekin elkarlanean.