EH Bilduk 146 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Jaurlaritzak Legebiltzarrari igorritako Hezkuntza Lege Proiektuari. Ikoitz Arresek azaldu duenez, “gure zuzenketak Hezkuntza Akordioaren norabidean doaz, bere letra eta espirituari fidelak izanik, lege proiektuari zehaztasuna, definizioa eta argitasuna emateko; koherenteak gara, Hezkuntza Akordioari leialak izan gatzaizkio eta gure hitza bete dugu”.
EH Bilduren zuzenketek Hezkuntza Akordioan adostutako oinarriak legean zehaztea dute helburu. “Akordioan gure hezkuntzaren oinarriak definitu genituen, baina orain Hezkuntza Legeak oinarri horiek zehaztu eta arau bilakatu behar ditu. Aurkeztu ditugun 146 zuzenketek adostasunerako abagunea erraztu nahi dute eta, gure iritziz, hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal baten nahia islatzen dute. Hezkuntza Legea legealdiko legerik garrantzitsuena izan daiteke eta, beraz, ezin dugu aukera galtzen utzi”.
Arresek zehaztu du zein diren koalizioaren zuzenketek jorratzen dituzten ildo eta arlo nagusiak:
Hizkuntza ereduen inguruko eztabaidari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bai Hezkuntza Akordioak, bai legearen lehenengo zirriborroak, bai Gobernuaren lege proiektuak euskara ardatz duen marko eleaniztun batez hitz egin dutela orain arte. Hori horrela, “gure zuzenketek eredu eleaniztun hori hobetzeko eta garatzeko helburua dute; baten batek hortik aldendu eta bestelako biderik hartu nahi badu, azaldu beharko du”.