AKTUALITATEA


| 2023-11-27 10:40:00

EH Bildu Enpleguaren Lege Proiektuaren kontra agertu da Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean, azken tramitea osoko bilkuran, datorren abenduaren 21ean, legea behin betiko onartu aurretik. Pazis Garciak adierazi duenez, “legearen edukia zein tramitazioa bera etsigarriak izan dira, EAJk eta PSEk ez dutelako ahalik eta adostasunik handiena bilatu, legea presaka ea korrika onartzea baizik, legealdia amaitzear dagoelako; tamalez, emaitza enplegu arloan ditugun beharretatik urrun dagoen lege bat izango da”.

Lehenik eta behin, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du “EAJk eta PSEk onartuko duten Enplegu Legeak ez duela enplegu politika publiko integral bat garatzeko aukerarik emango, enplegu politika aktiboak bakarrik arautu ahalko dituelako”, pasiboak, langabetuen prestazioei buruzkoak, oraindik transferitu gabe daudelako. “Enplegu Legea baino, enplegu politika aktiboen legea izango dugu”.

Garciak azpimarratu du, halaber, lege berriak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu bezala indartzeko balio beharko lukeela eta, horretarako, ezinbestekoa zela egun duen izaera juridikoari eustea, erakunde autonomo gisa, figura horrek kontrol publikoa eta gardentasuna hobeto bermatzen dituelako. Horren ordez, baina, EAJk eta PSEk Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa definitu dute lege berrian, eta “hori atzerapauso bat da, bere izaera publikoa ahulduko duelako”.

Enplegu Lege berriaren gabezien artean beste bat aipatu du Garciak: “Ez du inolako urratsik egiten kooperatibak Lanbideren administrazio kontseiluan ordezkatuta egon daitezen eta, ondorioz, baztertuta jarraituko dute. Ez zaigu bidezkoa iruditzen”.