AKTUALITATEA


| 2021-10-14 12:04:00

Argindarraren prezioaren gorakada izugarria milaka familiaren ekonomian sekulako inpaktua izaten ari den arren, EAJk eta PSEk, PPrekin batera, atzera bota dute EH Bilduren proposamena eta, hala, uko egin diote argindarraren fakturaren zama arintzeko neurriak hartzeari. Are okerrago, ez haiek, ez Jaurlaritza ez dira gai izan prezioen igoera kontrolik gabeko hau pairatzen ari diren herritarren egoera hobetzeko proposamen bat bera ere egiteko. Mikel Oterok euren inakzioa kritikatu du: “Gero eta jende gehiago pairatzen ari da elektrizitatearen prezioaren igoera eta egoera honetan ezer ez egitea ez da aukera bat”.

Mikel Oterok gogora ekarri du pobreziak gora egin duela azken urteotan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, 200.000 herritar inguruk ez dutela baliabide nahikorik etxean tenperatura egokia eduki ahal izateko, eta arazo hori, jakina, are larriagoa dela orain argindarraren prezioaren igoeraren ondorioz. Hori dela eta, premiazkotzat jo du politika publikoetan jauzi kualitatibo bat ematea herritar guztiek oinarrizko baliabide energetikoak eskura izango dituztela ziurtatzeko.

Horri jarraituz, EH Bilduk jada duela hilabete batzuk proposatu zuen Ongizate Energetikoa Bermatzeko Legearen beharra azpimarratu du Oterok. Hortaz, lege hori aurkez dezala eskatu dio Gobernuari, eta horren tramitazioak iraun bitartean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak erabil ditzala egoera zaurgarrian dauden milaka herritarrek dituzten oinarrizko hornidura beharrei berehala erantzuteko.

Halaber, Gobernu espainolak elektrizitatearen merkatuan eskua sartzeko hartu dituen neurrien kontra oligopolio elektrikoa hasitako gerra ere hizpide izan du EH Bilduko legebiltzarkideak. Iberdrola eta bera bezalako konpainiak irabazi ilegitimoak, eta ez galerak, pilatzen ari direla azaldu du, “mehatxua, xantaia eta joko zikina” erabiltzea leporatu die eta, testuinguru horretan, EAJk, herritarrak babestu beharrean, enpresa erraldoi horien interesak sutsuki defendatzeari ekin diola salatu du, “bere bandoa zein den argi utzita”.