AKTUALITATEA


| 2021-03-25 11:57:00

EH Bilduk txertaketa kanpaina azkartzea proposatu du gaur Legebiltzarrean, ahalik eta azkarren ahalik eta txerto gehien jartzea delako bidea talde babesa lehenago lortzeko eta, hala, bizitzak salbatzeko, Rebeka Uberak azpimarratu duenez. EAJk eta PSEk, baina, ez dute beharrezkotzat jo Osasun Sailari eskari hori egitea, nahiz eta, Uberak ohartarazi bezala, egungo erritmoarekin ezinezkoa izango den 2024 baino lehenago biztanleriaren %70 inmunizatzea.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Estatuan EAE txerto gutxien jartzen duen erkidegoa dela eta, hala izanik ere, Jaurlaritzak, azken datu ofizialen arabera, 64.375 txerto gordeta dituela, ipini gabe. Bere iritziz, “ez da ulergarria eta une honetan ez du zentzu handirik txertoak gordetzea, ez behintzat hainbeste gordetzea, orain premiazkoa delako ahalik eta azkarren txertatzea eta lehenengo dosia lehenestea”, bigarrena ere beharrezkoa izango dela ukatu gabe.
Uberaren esanetan, “arazoa ez da bakarrik nahiko genituzkeenak baino txerto gutxiago iristen zaizkigula, arazoa da Gobernuak ez duela gaitasunik iristen zaizkion txertoak azkar jartzeko, planifikazioa falta izan delako eta, horren ordez, inprobisazioa eta iluntasuna nagusitu direlako”. Horrek, erantsi du, “jendearen mesfidantza sortu du, bai eta hasieran ikusi genituen irregulartasunak ere. Kaosa eta deskontrola nagusitu dira txertaketa kanpainan”.