AKTUALITATEA


| 2021-07-22 14:25:00

EH Bilduren ustez, ulertezina eta arduragabea da EAJk eta PSEk Legebiltzarreko Osasun Batzordea uztailean eta abuztuan habilitatzeari uko egitea eta, hala, Jaurlaritza astero pandemiaren bilakaera eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko bertan agertzea galaraztea. Pandemiaren aurkako Legearen arabera, Gobernuak astero agertu behar du Parlamentuan horren inguruko informazioa emateko eta, ondorioz, halaxe egiteko eskatu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. EAJk eta PSEk gaur eman duten ezetzarekin, Gotzone Sagardui Osasun sailburua ez da irailera arte berriz agertuko Legebiltzarrean. EH Bilduren iritziz, talde parlamentarioentzat mespretxu bat izateaz gain, erabaki hori sekulako arduragabekeria da osasun krisia larriagotzen ari denean eta kutsatze kopurua etengabe gora egiten ari denean.

Harrigarria da EAJk eta PSEk egoera ez dela apartekoa argudiatzea, egunotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemia osoko transmisio daturik okerrenak ditugunean eta marka guztiak gainditzen ari garenean, intzidentzia-tasa igo eta igo. Zeharo inkoherentea da egoera ez dela apartekoa esatea gaur arratsaldean bertan LABIk, ziurrenik, ezohiko neurriak iragarriko dituenean.

Halaber, Osasun sailburua iraila baino lehen agertzea ez dela beharrezkoa esanez, EAJk eta PSEk Legebiltzarra bera ere mespretxatu dute. Diotenez, aski da Osakidetzak pandemiaren bilakaerari buruz egunero argitaratzen duen informazioarekin eta Parlamentuak ez omen du besterik behar.