AKTUALITATEA


| 2021-06-01 14:38:00

Pandemia kudeatzeko neurriei buruzko euren lege proposamenaren tramitazioan EAJk eta PSEk gaur erakutsi duten jokaera onartezina da, EH Bilduren aburuz, merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreentzat eta horietan aritzen diren milaka langileri  iraingarria delako Legebiltzarreko ateak ixtea eta lege proposamen horretaz duten iritzia emateko aukera ukatzea.

EH Bilduk sektore horietako zenbait eragile (Euskaldendak, Nekatur, Euskadiko Nekazalturismo eta Landa Etxeen Elkartea eta Ostalaritza Federazioa) Parlamentuan agertzea proposatu du pandemian bizi izan duten egoera azaldu eta EAJ eta PSEren lege egitasmoaren gainean duten iritzia eman dezaten, dagozkion ekarpenak egin ahal izateko; Gobernuko alderdiek, baina, sektore horien ahotsa entzuteari uko egin eta agerraldiei betoa jarri diete, koalizioaren eskaria bertan behera utzita.

EAJk eta PSEk proposatzen duten legea alferrikakoa izango da pandemiak kaltetutako sektoreen diagnostikoak, ekarpenak eta aldarrikapenak kontuan hartzen ez baditu, ohartarazi du Iker Casanovak, eta merkataritza, ostalaritza eta turismoa iraintzea egotzi die gobernuko alderdiei sektore horien ahotsa isilarazteagatik. “Orain arte gehiengo osoa baliatu dute oposizioaren proposamenak sistematikoki atzera botatzeko, baina gaur beste urrats bat eman dute, are larriagoa, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreak ahotsik gabe utzi nahian. Hau ez da Urkulluk pasa den ostiralean aldarrikatu zuen ariketa kolektiboa; Maddalen Iriarteri esan zion pandemiaren aurkako legea ariketa kolektiboa egiteko aukera bat izango zela, baina gaur argi geratu da bere kasuan hitzak eta ekintzak ez datozela bat”.