AKTUALITATEA


| 2022-04-27 13:26:00

Legebiltzarrak 2018an onartu zuen legearen arabera, Jaurlaritzak bermatu behar du Lanbide Heziketan jarraipen egokia emango zaiola DBHn finkatutako hizkuntza trataerari eta, beraz, B eredua indartu eta D eredua zabalduko duela, bai eta A ereduan euskarazko ikasgaiak txertatu ere. Legeak dioena, baina, ez da betetzen ari. Datuak argiak dira: DBHn ikasleen %71k D ereduan ikasten dute, Batxilergoan %66 dira, baina Lanbide Heziketan portzentajea %21,5eraino jaisten da, %58 A ereduan aritzen diren bitartean.

Datuok Ibai Iriartek ipini ditu mahai gainean, eta neurri zehatzak proposatu ditu Lanbide Heziketan euskara sustatzeko eta legeak hizkuntzen erabileraren inguruan dioena betetze bidean jartzeko. “EH Bilduren helburua legea garatzea da, letra txikia jartzea, orain artean eman ez diren pausoak ematea, Jaurlaritzak neurriak eta bitartekoak ipini behar dituelako euskaraz ikasteko eskubidea Lanbide Heziketan ere bermatzeko”. Hala ere, Iriarteren proposamena ez da aurrera atera, EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dutelako, PP eta Voxekin batera. “Ulergaitza da EAJ eta PSEren jarrera, legeak berak jarritako hizkuntza helburuak ez direlako betetzen ari”.

Zehazki, honako hauek dira EH Bilduk Lanbide Heziketan euskara sustatzeko proposatu dituen neurriak:

  1. Komunikazio kanpaina bat egitea D ereduan ikasi duten ikasleak Lanbide Heziketan ere eredu horretan matrikulatu daitezen.
  2. D ereduan taldeak sortzeko gutxieneko ratioa 12 ikasletik 8ra jaistea.
  3. A eta B ereduetan euskarazko oinarrizko ikasgaiak txertatzea.
  4. Lan mundua euskalduntzen jarraitzeko neurri eta bitartekoak zabaltzea.