AKTUALITATEA


| 2021-11-23 14:21:00

EAJk eta PSEk ezezkoa eman diote EH Bilduren eskariari eta Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek ez dute aztertuko, beraz, Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen tramitazioan beste lege bat, Lurralde Antolamenduari buruzkoa, alegia, sakon aldatzea bidezkoa den ikuspuntu juridiko batetik. Mikel Oterok derrigorrezkotzat jo du azterketa juridiko hori egitea, “Jaurlaritzak atzeko atetik aldatu nahi duelako Lurralde Antolamenduaren Legea, udalei hainbat proiektu eta azpiegitura, Interes Publiko Goreneko Proiektuak, hain zuzen ere, inposatu ahal izateko, hirigintza planifikazioaren aurka joanda ere”. Izan ere, Gobernuaren benetako helburua proiektu batzuen kontra udalen aldetik egon daitekeen oposizioa edo erresistentzia apurtzea da.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “udal autonomiaren aurkako eraso larri horren aurrean, Ingurumen Administrazioari buruzko Legea tramitatzen ari den ponentzia parlamentarioak argitu behar du Gobernuak planteatzen duen aldaketa legezkoa den, udal autonomia errespetatzen duela bermatu eta ziurgabetasun juridikoa saihesteko”. Azterketa juridiko hori eragoztea, EAJk eta PSEk egin duten moduan, “sekulako arduragabekeria da”, salatu du Oterok, “jukutria horren ondorioak udalek, eta herritarrek beraiek, pairatuko dituztelako”.