AKTUALITATEA


| 2023-07-13 14:44:00

EH Bilduren talde parlamentarioak etxebizitzak eraberritzeko laguntza-programa luzatzeko bere proposamena premiaz eztabaidatzea eskatu du, baina EAJk eta PSEk koalizioaren eskaria atzera bota eta Legebiltzarra ohiko bilkura-alditik kanpo irekitzeari uko egin diote, milaka familiari eragiten dieten laguntza horien inguruko debateak urgentziarik ez duelakoan. Gasteizko Parlamentuan jasotako erantzuna ikusita, EH Bilduk udaletxeetara eramango du gaia orain, mozioen bitartez, Unai Fernandez de Betoñok iragarri duenez.

Energia-efizientzia sustatze aldera, Jaurlaritzak eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programa bat ireki zuen, Europako NEXT funtsek finantzatua, datorren azaroaren 30era arte, baina pasa den ekainaren 19an amaitutzat eman zuen bat-batean, aldez aurretik abisatu gabe, finantzazioa amaitu zaiolako aitzakia emanez eta kontuan hartu gabe erabaki horrek kalte ekonomiko handia egingo ziela auzo-komunitate askori, eraberritze-lanak egiteko konpromiso ekonomikoak beren gain hartu dutelako Gobernuaren aterkia zeukatela pentsatuz. Fernandez de Betoñok adierazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.000-6.000 familia izan daitezke egoera horretan daudenak. “Gasteizko Sansomendi auzoan, adibidez, 250 familiak osatutako komunitate batek ia 3 milioi euroko proiektu bat egin behar zuen, familia bakoitzak gutxi gorabehera 5.000 euro ordainduta, baina orain laguntzarik gabe geratu dira eta 15.000 euro ordaindu beharko dute; horren ondorioz, proiektu hori egin gabe geratuko da ziurrenik”.

Hori dela eta, EH Bilduk gaia Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean, premiaz eztabaidatzea proposatu du, Jaurlaritzari azaroaren 30eko hasierako epemuga errespetatu dezala eta laguntzak ordura arte luzatu ditzala eskatzeko. “Dirua badu, eta erabili dezake. 30 milioi euro horretara bideratzeko eskatu diogu, eta zenbateko hori handitzeko, eskari guztiei erantzuteko beharrezkoa balitz”, Fernandez de Betoñok esan duenez. EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dute koalizioaren eskaria. Ez dute Diputazio Iraunkorra deituko eta, ‘de facto’, laguntzak luzatzea baztertu dute horrela.