AKTUALITATEA


| 2021-06-10 13:21:00

Mundu mailako eraldaketa sakonen garai honetan herri gisa aurrez aurre ditugun erronka estrategikoei modu kolektiboan, elkarlanean eta alderdikeriak bazter utzita heldu beharra aldarrikatu du EH Bilduk gaur berriz ere, guztion etorkizuna dagoelako jokoan, eta berriz ere EAJk eta PSEk gehiengo osoaren bandera atera eta ariketa kolektibo-estrategiko bat egitea baztertu dute, koalizio independentistaren deiari muzin eginez.

Maddalen Iriartek adierazi duenez, pandemiak eragindako krisiak unean uneko gabeziak eta ezinak utzi ditu agerian, eta datozen urte eta hamarkadetan egin beharreko trantsizio eta eraldaketen atarian kokatu gaitu, hala nola zaintza arloan, hezkuntzan, osasunean, enpleguan eta trantsizio energetikoari dagokionean. Bada, ardura politikoak erronka estrategiko horiei aurre egiteko ariketa kolektibo bat egitea eskatzen du, unean uneko gobernu eta gehiengo politikoetatik harago. “Erronka horiek legealdi hau gainditzen dute eta itxaron ezin duten trantsizio handi horiei eraginkortasunez eta bermez erantzuteko herri honetako inteligentzia kolektiboa, gaitasun kolektiboa eta denon parte-hartzea beharrezkoak dira, datozen belaunaldiengan aparteko eragina izango baitute eta hori guztia kontutan hartu behar dugulako orain hartzen diren erabakietan ere”.

Horren ildotik, EH Bilduko bozeramaileak premiazkotzat jo du autogobernurako tresnak gaurkotzetik harago joatea eta estatus politiko berri bat adostea, pandemiak zerbait argi utzi baldin badu Madrilekiko menpekotasuna delako, herri gisa ditugun gaitasunak garatzeko ezintasuna. “Edozer gauzatarako Gobernu espainolari baimen eske ibili beharra, nekagarria izateaz gain, galga ikaragarri bat da. Geure erabakiak hartzeko gaitasuna dugu eta erabaki horiek injerentziarik gabe hartzeko eskubidea eta hartutako erabakiak  egikaritzeko bermea behar dugu. Ezin gara gobernu baten edo bestearen borondatearen menpe egon”.