AKTUALITATEA


| 2021-06-17 11:48:00

Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko EH Bilduk proposatutako legea tramitera onartzeari uko eginik, EAJk eta PSEk agerian utzi dute ez dutela borondaterik jardunbide desegokiak, ustelkeria, jokamolde ez etikoak, faborezko tratuak, sare klientelarrak, kartelak eta entxufismoa desagerrarazteko. Josu Estarronak argi esan die: “Edo ustelkeriaren aurka zaude edo konnibentea zara”. Proposamena eztabaidatzeari ere uko egin diote EAJk eta PSEk, eta, hala, parlamentarismoaren kontrako jarrera hori ohiko bihurtzen ari dira Legebiltzarrean EH Bilduren ekimenak deseroso egiten zaizkienean.

Estarronak Ustelkeriaren Aurkako Bulego baten beharra aldarrikatu du legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzeko egun existitzen diren mekanismoak ez direlako ez nahikoak, ez eraginkorrak. Hori hala dela argi utzi du duela egun gutxi Iparraldeko Kartelak, euskal administrazioak eta kontsultoria enpresa garrantzitsu ugari inplikatu dituenak.

EH Bilduko legebiltzarkideak koherenteak ez izatea leporatu die Jaurlaritzari, EAJri eta PSEri, duela bi urte bulegoa sortzeko proposamena tramitatzearen alde agertu zirelako eta gaur, aldiz, blokeatu dutelako. Estarronaren aburuz, iritzi aldaketa horren muinean bi urte hauetan ezagutu diren epai batzuk daude. Batetik, De Miguel auziko epaia, Arabako EAJko kupula ustelkeriaren erdigunean kokatu zuena; bestetik, Balenciaga auzia, Getariako alkate ohiak, bera ere EAJkoa, lau urteko espetxe zigorra jaso baitu, eta hori guztia gaurkotasun osoa duen kontsultoria enpresen kartela ahaztu gabe. “Batzuek normaltzat jotzen dute alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteagatik abantaila izatea diru-laguntza, kontratu, lizitazio edo lanpostu publikoak lortzerako orduan, baina hori, ohikoa izanda ere, ez da normala eta ezin da normalizatu”.