AKTUALITATEA


| 2023-11-21 12:06:00

EAJk eta PSEk adostu duten Hezkuntza Legea ez dator bat Hezkuntza Akordioarekin. Areago, funtsezko edukietan apurtu egiten du iaz lau alderdi nagusiek lortutako adostasuna. Hala salatu du gaur Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak, legea tramitatzen ari den ponentzia parlamentarioak zuzenketen eztabaida amaitu ostean. Arresek laburbildu duenez, EAJk eta PSEk adostu dituzten terminoetan, “legearen emaitza zero izango da, EAJk PSEren marra gorria onartu duelako, euskara ikasteko prozesua degradatzeari atea irekiz, eta, horren truke, PSEk mugarik gabeko kontzertazio unibertsala onartu duelako”.

EH Bilduk, hala ere, ez du amore eman nahi, eta gaurko bileran azken proposamen bat ipini du mahai gainean, legearen bi gako horiek (Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren definizioa eta hizkuntzen irakaskuntza) bideratzeko. “Ostirala da legearen testua aldatzeko azken eguna, eta pilota EAJren eta PSEren teilatuan dago. Haiek dira egoera hau konpondu behar dutenak. Guk arduraz jokatzera eta Hezkuntza Akordioan adostu genituen konpromisoak betetzera dei egiten dugu”. Gobernukideek azken proposamen hori ere atzera botatzen badute, EH Bilduk legearen kontra bozkatzea proposatuko die bilkideei, azken erabakia haiek hartuko dutelako datorren astean ezohiko batzar nazional batean, Arresek azaldu duenez.

Legebiltzarkide independentistak EAJ-PSE arteko akordioaren ondorioez ohartarazi du. Lehenik eta behin, salatu du, “PSEk, Eskola Publikoaren Legea aldarrikatzen duenak, kontzertazio unibertsala onartu du azkenean, itunpeko ikastetxeei finantzazioa igotzea inolako kontrolik ezarri gabe”. Izan ere, EAJrekin adostu duenak “atea irekitzen dio eskola kontzertatua eta eskola publikoa berdintzeari finantzazioari dagokionean, baina Hezkuntza Akordioan jasotako printzipioak eta baldintzak betearazteko mekanismo legal bat bera ere planteatu gabe. Uko egiten zaio Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa arautzeari eta hori ez dator bat Hezkuntza Akordioaren letra eta espirituarekin”, akordio horretan oso argi geratu zelako eskola kontzertatuak hainbat baldintza bete beharko zituela finantzazio publikoa jasotzeko. “Eskubideak bai, baina obligazioak ere bai. Hori da Hezkuntza Akordioa, baina Lege honek, ordea, ez ditu obligazioak ezartzen. Horrek, jaiotze tasa txikia dugun testuinguru honetan, haustura arrisku handia dakar hezkuntza komunitatearentzat”.

Bigarrenik, EAJk eta PSEk hitzartu duten bezala, Hezkuntza Legeak “atea irekiko dio D- eredua, D eredu debaluatu bat, ezartzeari hiru hizkuntzen ekiparazioaren bidez”, hizkuntza aukeratzeko eskubidea lehenetsiko delako, ikasleek lortu beharreko xede linguistikoen ordez. “Hori da PSEren helburua, baina hori Hezkuntza Akordioaren parametroetatik urrun dago, Akordioan gauza bat oso argi geratu zelako: hauek dira adostu ditugun helburu linguistikoak, eta orain helburu horiek lortzeko behar diren irizpide pedagogikoak aplikatu behar ditugu, besterik gabe”.