AKTUALITATEA


| 2019-10-04 15:00:00

Confebaskek bere helburua lortu du eta EAJ, PSE eta PPri esker enpresa-erakundeen ordezkaritzaren monopolioari eutsiko dio Lanbideko Administrazio Kontseiluan. Patronalak hala exijitu zuen eta hala eman diote EAJ, PSE eta PPk. Izan ere, Legebiltzarrean Kooperatiben Lege Proiektua tramitatzen ari den ponentzian aipatu alderdiek atzera bota dute gaur EH Bilduren proposamena, kooperatibek Lanbiden parte hartzeari bide emango ziona, alegia. Kooperatiben aldarrikapen zaharra da hori, orain Confebaskenak direlako enpresa-erakundeek Lanbiden dituzten ordezkari guztiak, bostak. EH Bilduk, ordea, hori aldatzea proposatu du, bost ordezkari horietatik bat kooperatibena izan dadin. “Guztiok dakigu zer nolako garrantzia duten kooperatibek herri honetan eta guztiz arrazoizkoa da haiek ere Lanbideko Administrazio Kontseiluan egotea, ezinbestekoa baita Lanbiden enpresa-erakundeen ordezkaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate ekonomiko eta sozial osoa islatzea”, Larraitz Ugartek azaldu duenez.
Hala eta guztiz ere, EAJ, PSE eta PPk Lanbideko ateak itxi dizkiete kooperatibei, EH Bilduren proposamenari ezezkoa emanda. Ugarteren iritziz, alderdi horiek “men egin diote Confebaski eta berriro ere botere politikoa botere ekonomiko zehatz batzuen menpe jarri da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Nafarroan kooperatibek ordezkaritza dutela bertako Enplegu Zerbitzuan (Lanbideren parekoa) eta, horren haritik, EAJ, PSE eta PPri eskatu die “kooperatibei eta, oro har, gizarteari azaltzeko zergatik Nafarroan posible dena ez den posible EAEn, zergatik han kooperatiben aldarrikapenari bide eman dakiokeen inolako arazo legalik gabe eta hemen ez”. Halaber, salatu du, “ulertezina da EAJ eta PSEren jokaera, ezezkoa eman diotelako Jaurlaritzak berak ere arrazoizkotzat jo duen eskari bati”. Ugarteren ustez, “kontraesana bistakoa da, txosten juridiko batean Lakua kooperatibek Lanbiden parte hartzearen alde agertu delako eta, jarraian, EAJ eta PSEk horren kontra bozkatu dutelako Legebiltzarrean”.