AKTUALITATEA


| 2023-02-01 12:30:00

EH Bilduri jakinarazi diotenez, EAJk eta PSEk ez dute onartu nahi Donostialdeko ESIan Osakidetzako zuzendaritzak kargutik kendu zituen Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga zuzendariak Legebiltzarrean agertzea eta ESI horretan oraindik itxi gabe dagoen gatazkari buruz duten iritzia ematea. Zehazki, EAJk eta PSEk euren gehiengoa baliatu nahi dute Osasun Batzordean Perez eta Gurrutxagaren agerraldiak galarazteko. Eta gauza bera egin nahi dute bi zuzendari horiek kargutik kentzeko erabakiarekin desadostasuna adierazteko dimisioa eman zuen Adolfo Beguiristain zuzendariordearen agerraldiarekin.

EH Bilduk hiru agerraldi horiek, bai eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarena ere, eskatu zituen abenduan, Donostialdeko ESIko gatazkak eztanda egin zuenean. Rebeka Uberak orduan azaldu zuenez, Osakidetzan une hartan ireki zen krisia bideratzeko ezinbestekoa zen alde guztien ahotsak entzutea, baina Legebiltzarrera Sagardui soilik etorri zen, eta bere azalpenak eskasak eta partzialak izan ziren gainera. EAJk eta PSEk Perez eta Gurrutxaga zuzendarien agerraldiak atzeratzea erabaki zuten orduan, eta orain, EH Bilduk agerraldiak ahalik eta azkarren gauzatzeko berriz ere eskatu duenean, behin betiko galarazi nahi dituztela erantzun dute.

Rebeka Uberak EAJ eta PSEren “jauntxokeria ariketa” salatu eta euren erabakia berraztertzeko eskatu die, datorren astelehenean Osasun Batzordean Perezek, Gurrutxagak eta Beguiristainek normaltasun osoz agertzeko aukera izan dezaten. “Ez dago Osakidetzak Donostialdean piztu duen sua itzaltzerik alde guztien iritziak eta ekarpenak entzun gabe; hortaz, zuzendari horiek isilarazi nahi izateak eta euren ahotsa zentsuratzen saiatzeak ez du ez hankarik ez bururik, eta argudio falta bakarrik adierazten du. Zeren beldur dira EAJ eta PSE? Osakidetzaren kudeaketa penagarria agerian geratuko ote den? Hori da kezkatzen dituena eta horregatik debekatu nahi dituzte agerraldi horiek?”.