Legebiltzarra

Albisteak

Donostiako Kontserbatorioari kokapen berria emateko prozesuari bultzada eman dio EH Bilduk Legebiltzarrean


Josu Estarronak salatu du egungo eraikinak ez dituela baldintza minimoak betetzen musika eskolak duintasunez emateko. Kontserbatorioa konponbide baten zain dago 1992az geroztik.

| 2019-06-10 14:08:00

Legebiltzarrak EH Bilduren legez besteko proposamen bat onartu du gaur aho batez eta, hala, Francisco Escudero Donostiako Kontserbatorioari kokapen berri eta egokia bilatzeko prozesua martxan jartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari, musika eskolak duintasunez eman ahal izateko. Izan ere, Josu Estarronak salatu duenez, “Kontserbatorioa oso egoera prekarioan ari da lanean eta 1992az geroztik konponbide baten zain dago, eraikinak ez dituelako eskolak emateko baldintza minimoak betetzen, eta musika eskolak are gutxiago”.
EH Bilduren ekimenez gaur onartutakoaren arabera, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak elkarrizketa prozesua ireki beharko du Kontserbatorioko zuzendaritza eta organo gorenarekin hilabete bateko epean aztertzeko zein liratekeen bere curriculuma duintasunez gauzatzeko baldintza eta kokapen egokiak. Prozesu horren baitan zentroaren beharrak aseko dituen espazio bat aurkitu beharko du, arrazoizko epe batean trasladoa egin ahal izateko.
Estarronak gogora ekarri du Kontserbatorioak egoitza duen eraikinaren jabegoa Jaurlaritzari dagokiola eta azken honen utzikeria kritikatu du, urteetan arazoak konpontzeko gai ez izateagatik. Bere iritziz, premiazkoa da bertan ari diren ikasle eta irakasleei konponbide egokia eskaintzea, Donostiako Udalak ere duela urtebete eskatu zuen moduan. Udalbatzak aho batez onartu zuen EH Bilduren mozio bat 2018ko ekainaren 21ean eta Hezkuntza Sailari eskatu zion 2019-2020 ikasturtea hasi aurretik Kontserbatorioaren kokapen berria erabakitzeko prozesua egiteko.