AKTUALITATEA


| 2022-02-28 13:51:00

EH Bilduk bere kezka adierazi du gaur Lakua eta Madrilgo gobernuek Bizitzeko Gutxieneko Errentaren transferentzia prozesuan adostu dituzten edukiekin, “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian duela urte asko martxan jarri genuen babes sistema propioa orain Espainiako sukurtsal bilaka daitekeelako”, Nerea Kortajarenak ohartarazi duenez. Izan ere, Gobernu espainolarekin adostutakoaren arabera, Lanbidek Bizitzeko Gutxieneko Errentaren kudeaketa bere gain hartuko du, baina prestazio horren baldintzak, prozedurak eta zenbatekoak Madrilek erabakiko ditu. “Babes politiken zati horren definizioa Madrilen esku geratzen da horrela eta, ondorioz, gure Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta Bizitzeko Gutxieneko Errentaren menpeko, subordinatu bilakatzen da, osagarri hutsa. Hemen gure bizitzeko gutxieneko errentak definitzeko gaitasuna izan dugu, babes sistema propioa dugu orain ia 30 urte eta guk ahalmen hori hemen mantentzea aldarrikatu dugu auzi honen hasiera-hasieratik. Prozesu honetan gakoa Bizitzeko Gutxieneko Errentaren transferentzia jendea gehiago eta hobeto babesteko baliatzea da, baina orain, hau dena ikusita, gure kezka da Jaurlaritzak ez ote duen pobrezian eta gizarte bazterketaren aurkako borrokan dirua aurrezteko erabiliko; hala bada, aukera galdu baten aurrean egongo gara”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, oraingoan gertatu dena “atzerapausoa izan daiteke autogobernuaren ikuspegitik, esparru honetan gure kideak zaindu eta babesteko hartu behar diren erabakiak hartzeko ahalmena gure esku izatetik Madrilen esku izatera pasatzen baita, eta aurrekari txar bat izan daiteke aurrerantzean etor daitezkeen beste eskumenen eskualdaketari begira”.

Kortajarenak bi gobernuen arteko akordioak “ate joka dugun eta oso beharrezkoa dugun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforman” izango dituen ondorioez ere ohartarazi du, sinatutakoak “izaera zeharo subsidiarioa, subalternoa emango baitio errenta horri, gure babes sistemaren ardatza eta oinarria izan beharko lukeenean”. Azaldu duenez, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforman hori ez zegoen horrela aurreikusita, eta kezkatzen gaitu, orain litekeena delako Jaurlaritzaren aurreproiektua moldatu eta egokitu behar izatea, eta horrek erreforma bera atzeratu baino ez du egingo”.

Azkenik, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, batetik, eta Bizitzeko Gutxieneko Errenta, bestetik, Lanbidek kudeatzeak ekar ditzakeen desdoitzeak ere kezka iturria dira Kortajarenarentzat, ikusteko dagoelako nola bateratuko dituen Lanbidek bi prestazioak.