AKTUALITATEA


| 2023-01-30 13:02:00

Mikel Oterok iragarri duenez, EH Bilduk proposamen bat ipiniko du mahai gainean datozen egunotan, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu bitartean edozein proiektu berriztagarrik bete beharreko gutxieneko elementuak zehazteko eta adosteko. Oterok berretsi du Plan Sektoriala lehenbailehen onartzea funtsezkoa dela energia berriztagarrien hedapena modu planifikatu eta ordenatuan egin ahal izateko, eta Planaren atzerapena salatu du, “bien bitartean balio natural handiko lekuetan parke eolikoak eta nekazal lur baliotsuetan proiektu fotovoltaiko oso handiak martxan jartzen ari direlako”, behar bezala planifikatu eta ordenatu gabe.

Horren haritik, Plan Sektoriala atzeratzeak izan ditzakeen ondorio larriez jabeturik, indefinizio legal hori ingurumenari kalte egingo dioten proiektu batzuei atea irekitzeko baliatu litekeelako, Plana onartu bitartean edozein proiektuk bete beharreko gutxieneko baldintzak adostea proposatu du Oterok, eta hala planteatuko dio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari datorren ostiralean Kontroleko Osoko Bilkuran. Izan ere, “trantsizio energetikoa egin behar da, baina modu ordenatuan; orain proiektu batzuk martxan daude, baina behin-behineko irizpide batzuk zehaztu behar dira lurralde plangintza ordenatua egiteko, Plan Sektoriala onartu bitartean”.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “energia kontsumoak murrizteaz gain, krisi klimatiko eta energetikoari aurre egiteko, energia berriztagarriak hedatu behar ditugu, baina ez edozein modutan; horregatik da garrantzitsua Plan Sektoriala onartzea, berriztagarriak modu ordenatu eta planifikatuan hedatzeko”. Hala ere, nahiz eta Jasangarritasun Energetikoaren Legearen arabera Planak 2021az geroztik onartuta egon behar zuen, “ikaragarri berandutzen ari da eta, Tapiak egin dituen azken adierazpenak ikusita, Jaurlaritzak ez du 2025 baino lehen onartuko. Atzerapen hori onartezina da; prozesua arindu behar da proiektu berriztagarriak ahalik eta azkarren planifikatu eta ordenatu ahal izateko”.