“Hauteskundeetan izan zezakeen eraginaren beldurrez”, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren tramitazioa nahita atzeratzea leporatu dio Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, eta plan hori are gehiago atzeratzeak izan dituen ondorioez ohartarazi du: “Proiektu berriak aurkeztu dira bitartean, eta horrek berriztagarrien hedapenean bazegoen desordena areagotu egin du”.
Oterok azaldu duenez, Jaurlaritzak pasa den urriaren 31n argitaratu zuen Lurralde Plan Sektorialari eginiko 4.000tik gorako alegazioei buruzko txostena, baina ia urtebete lehenago, 2023ko abenduan, ia berdina zen txosten bat argitaratua zuen jada. Berehala erretiratu zuen orduan, akats bat izan zela argudiatuz, baina EH Bilduk biak alderatu ditu orain, EHUn ohikoa den plagioen aurkako filtro bat erabiliz, eta bi dokumentuak ia berdin-berdinak direla egiaztatu du horrela. “Hau da, urtebete eman dute aste bakar batean lasai asko egin zitekeen lan bat egiteko, eta horrek oso kezkagarria den zerbait adierazten du: Jaurlaritzak nahita gorde zuen txostena, hauteskundeetan eraginik izango zuen beldurrez”.
Horrek, salatu du Oterok, “urteetako atzerapena zeukan prozesu bat are gehiago atzeratzea ekarri du, eta bitarte honetan proiektu berriztagarri asko aurkeztu dira; horrek energia horien hedapenean bazegoen desordena areagotu egin du eta jende askok proiektu horiekiko zeukan mesfidantza handitu”. Horren haritik, gogora ekarri du tarte honetan aurkeztu diren proiektu askok planteatzen dutela Plan Sektorialaren hasierako aurreikuspenen arabera babestu beharreko lurrak okupatzea, baina oraindik plana onartzea falta denez, debekua ez dago indarrean.
Nahiz eta erabaki horien eta atzerapenaren ardura Urkulluren Gobernuari dagokion, Oterok defendatu du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu berriak gertatutakoaren inguruko azalpenak eman behar dituela. Alde horretatik, EH Bildurekin adostutakoa betetzeko eskatu dio, urtea amaitu aurretik Lurralde Plan Sektoriala behin-behinean onartuta egon dadin eta 2025eko lehen seihilekoan behin betiko onarpena errealitate bat izan dadin. “Gobernuak bere gain hartu behar du erantzukizuna berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko”.
Oteroren iritziz, “Plan Sektoriala onartzeaz harago, Jaurlaritzak prozesu bat ireki behar du egoera ordenatzeko eta energia berriztagarrien hedapen ordenatua planifikatzeko. Planifikatu behar du zenbat, non eta nola ipini proiektuak, eta esfortzu bat egin behar du proiektu faraonikoak eta espekulatiboak bazterrean uzteko. Hori ondo egiteko bermerik onena eztabaida prozesu parte hartzaile bat irekitzea da, egun dugun blokeo egoera konpontzeko. Izan ere, prozesu hori aurreikusita dago Jaurlaritzak EH Bildurekin adostu zuen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean”.