AKTUALITATEA


| 2021-11-05 15:41:00

“Jaurlaritza aurrekaririk gabeko eraso bat planteatzen ari da lurralde antolamenduaren eta udal autonomiaren aurka”, salatu dute gaur Mikel Otero eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideek. Zehazki, azaldu dute, EAJk eta PSEk Ingurumen Administrazioari buruzko Legea Lurralde Antolamenduari buruzkoa aldatzeko baliatu nahi dute Urkulluren Gobernuak hainbat proiektu udalei inposatu ahal izateko. Hori dela eta, gobernukideek ez dutela atzera egiteko asmorik ikusita, EH Bilduk Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen negoziazioa apurtutzat ematea erabaki du. “Ez dugu tamaina horretako eraso bat babestuko lurralde planifikazioaren eta udal autonomiaren aurka, euren eremuan desegokitzat jotzen dituzten proiektuei mugak jartzeko aukera eta eskubidea ukatzen dielako udalei”.

EH Bilduk eta Jaurlaritzak Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea adostu berri dutela gogorarazi ostean, Oterok deitoratu du Ingurumen Administrazioaren Legean dena izan dela ezberdina, akordioa ezinezko bihurtzeraino. Izan ere, EAJk eta PSEk zuzenketa bat txertatu nahi dute lege horretan, 61. zuzenketa, hain zuzen ere, “atzeko atetik Lurralde Antolamenduaren Legea aldatzeko, lurralde antolamendua eta hirigintza planifikazioa hankaz gora jarrita”. Oteroren iritziz, “zuzenketa hori onartezina da eta, EAJk eta PSEk berau erretiratu edo guztiz aldatu gabe, ez dago akordio batera iristeko inolako aukerarik”.

Azaldu duenez, zuzenketa horren bitartez, EAJk eta PSEk Lurralde Antolamenduaren Legea aldatu nahi dute figura berri bat sortzeko, Interes Publiko Goreneko Proiektuak, alegia. Modu horretan, Jaurlaritzak parte-hartze publikoa duen eta, ustez, ingurumen arloan hobekuntzak dakartzan edozein azpiegitura interes publiko goreneko proiektua dela deklaratu ahal izango du, eta hori nahikoa izango da azpiegitura horri bide emateko, lurralde eta hirigintza arloko plangintzaren aurkakoa izanda ere.

Unai Fernandez de Betoñok aldaketa horren ondorioez ohartarazi du horren haritik: EAJk eta PSEk Interes Publiko Goreneko Proiektuak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen eta Lurralde Plan Partzial eta Sektorialen gainetik ipini nahi dituzte. “Jaurlaritzak proiektu bat interes publiko gorenekoa dela deklaratzen badu, proiektua gidalerroen eta plan partzial zein sektorialen aurkakoa izanik ere, gidalerroak eta planak derrigorrez egokitu beharko dira proiektua gauzatu ahal izateko”. Eta berdin udal Plan Orokorraren aurkakoa baldin bada; kasu horretan ere, Plan Orokorra bera aldatu beharko du Udalak proiektuari bide emateko. Esaterako, Jaurlaritzak nahikoa izango zuen SHESAren Armentia putzua interes gorenekotzat jotzea Gasteizen gas-proiektu hori aurrera eraman ahal izateko, udal planifikazioa urratu arren.

Fernandez de Betoñok zehaztu du zein izan daitezkeen Jaurlaritzak interes publiko gorenekotzat jo ahalko dituen proiektuak: “Azpiegitura handiak, hala nola parke eolikoak, eguzki parkeak eta zabortegiak, baina ekipamendu handiak ere bai, ia edozer ingurumen ikuspegi batetik nolabaiteko justifikazio bat baldin badu, nahiz eta tokiko administrazioen irizpideen aurkakoa izan”.

EH Bilduko legebiltzarkideen aburuz, EUDEL eta udal agintariek ahotsa altxatu behar dute ezinbestean udal autonomiaren aurkako EAJ eta PSEren eraso larri honen kontra. Bere proiektu batzuek udal planifikazioarekin talka egin dezaketela jakinda, Lakuak “udal autonomiatik egon daitekeen erresistentzia eta oposizioa apurtzea” da jukutria honen benetako helburua.

Halaber, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza sailburuaren posizioa oso ukituta geratzen dela azpimarratu dute, bere arloko lege nagusia sakon aldatzen baita, “atzeko atetik, Arantxa Tapiaren super-sailetik”. Hori dela eta, Fernandez de Betoñok Arriolaren agerraldia eskatu du jada Legebiltzarrean, horren inguruko azalpenak eman ditzan.