EH Bildu abstenitu da gaur Berdintasun Lege berriaren botazioan, Legebiltzarrean landutako testuak orain arteko legea hobetzen badu ere, hainbat gai garrantzitsutan nahikoa ez delako, Oihana Etxebarrietak azaldu duenez. EH Bilduko legebiltzarkideak koalizio independentistaren ekarpen batzuk onartu izan direla azpimarratu du, eta horiek, zalantza barik, “legea indartzen dute”, baina, hala eta guztiz ere, “momentu honek eskatzen dituen puntu batzuk falta dira, oso modu nabarmenean”, eta, beraz, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartu duten lege hau “aukera galdu bat” da.
Horren haritik, Etxebarrietak ohartarazi du legean mekanismoak falta direla Administrazioari betearazteko, eta hori “ezinbestekoa da indarkeria instituzionalari aurre egiteko”. Falta dira, baita ere, legearen garapen praktikoa bermatzeko beharko diren baliabide ekonomikoak ziurtatzeko konpromisoak eta, azkenik, ez zaio behar bezala heltzen zaintzen gaiari. EH Bilduko ordezkariak hutsune horren garrantzia nabarmendu du bereziki: “Emakumeon bizkar gainean dagoen zaintza, doakoa zein ordainpekoa, emakumeak pobretzeko, diskriminatzeko eta ezarri nahi izan zaigun rolaren barnean mantentzen jarraitzeko tresna garrantzitsuenetako bat da, indarkeria matxistarekin batera. Horregatik, lege honek pausu ausartagoak eman behar zituen egoera hau iraultzeko. Adibidez, prekarizatutako zaintzen sektorearen egoera eraldatzeko neurriak, etxeko lanen banaketarako baliabideak, gizarte politiketatik honi aurre egiteko biltzen diren proposamenak kanpo geratu dira, etxeko langileei buruz egiten genuen proposamen oro bezalaxe. Sektore prekarizatu, etxekotu eta inbisibilizatu honek toki gehiago, ikusgarriagoa eta ausartagoa behar zuen”.
Legearen alde positiboari dagokionez, Etxebarrietak azaldu du EH Bilduren proposamen batzuk onartu direla: “Lan feminizatuetan azpikontratazioak dakarren soldata arrakalari klausula sozialen bidez aurre egiteko bidea topatu dugu, indarkeria digitala, instituzionala eta obstetrikoa indarkeria matxista mota bezala identifikatu da, gizarte zerbitzuek laguntza psikologikoa ematen jarraituko dute eta biziraule terminoa txertatu da legean. Hori garrantzitsua da indarkeria matxistaren biktimek beren bizitzan prozesu sendatzaile bat emateko beharra dutelako, min horiekin bizitzeko, beren boterea berreskuratzeko eta eskubide eta baldintza onekin bizitzeko gaitasuna eraikitzeko”.