AKTUALITATEA


| 2023-06-01 10:11:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia berriztagarrien autokontsumoa sustatzeko EH Bilduk proposatutako legea onartu du gaur Legebiltzarrak. Lege berri honek Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legea aldatzen du eta, aldaketa horri esker, eraikinetan eguzki-plakak ipintzeko edota auto elektrikoak kargatzeko instalazioak jartzeko behar den tramitazioa erraztu eta arinduko da, udal lizentzia eskatzea jada ez delako beharrezkoa izango obra horiek egiteko. EH Bilduk proposatutako lege aldaketa hori bat dator Europar Batasunak arlo horretan eman dituen irizpideekin eta Estatuko erkidego ugarik, Nafarroak, esaterako, jada egin dituzten lege-aldaketekin. Mikel Oteroren esanetan, gaurkoa urrats txikia baina garrantzitsua da trantsizio energetikoaren eredu deszentralizatu baten alde; herritarren aldeko urratsa da, herritarrak trantsizio honen protagonista bilakatzen dituelako”.

Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legea puntu horretan aldatzeko lege proposamena Oterok aurkeztu zuen 2022ko ekainean, eta Legebiltzarrak berau tramitatzeari ekin zion urrian, Jaurlaritza ere horren alde agertu ostean. Ekimena ponentzian landu ostean, Legebiltzarrak onartu egin du gaur, EH Bildu, EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PPren botoekin.

Mikel Oterok azaldu duenez, “klima larrialdia, kanpo energiarekiko menpekotasuna, energia prezioen krisia eta azken hilabeteotan hornidurak tenkatzen ari diren faktore geopolitikoak agerian uzten ari dira trantsizio energetikoa azkartu beharra, eta testuinguru horretan autokontsumoa tresna garrantzitsua da arazo horiei guztiei aurre egiteko”. Izan ere, “autokontsumoak eskaria kentzen du merkatu energetikoan, ingurumen-baldintzak hobetzen ditu, hidrokarburoen garrantzia murrizten laguntzen du eta kontsumitzaileen faktura berehala jaistea ere ahalbidetzen du”.

Oteroren ekimenari jarraituz Legebiltzarrak onartutako lege aldaketak helburu zehatza eta argia du: eraikinetan eguzki-plakak eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioak jarri ahal izateko gaur egun derrigorrezkoa den obra-lizentzia eskatu beharra ezabatzea. Horrela, instalazio horien tramitazioa nabarmen azkartuko da, nahikoa izango delako obra egin aurretik Udalari jakinaraztea. “Salbuespen batzuekin”, Oterok zehaztu duenez, “lizentzia bai eskatu beharko delako instalazioak kultura-intereseko ondasun edo ondasun katalogatutzat jotako eraikinetan egiten direnean, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenean eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Europar Batasuna energia berriztagarrien autokontsumoa bultzatu beharraz ohartarazten ari dela 2018az geroztik, eta norabide horretan neurriak hartzea eskatu duela, teilatuetan eguzki-plakak ipintzeko oztopo administratiboak antzeman eta arintzeko. “Gobernu espainolak lege dekretu bat onartu zuen 2018an helburu horiekin, eta harrezkero erkidego gehienek, Nafarroak barne, euren legeak aldatu dituzte oztopo horiek saihesteko, Udalari obra-lizentzia eskatzeko obligazioa bertan behera uzteko, alegia. EAEn, aldiz, orain artean ez da urrats hori egin autokontsumoa oztopatzen duten trabak ezabatzeko, eta iritsi da ordua”.