AKTUALITATEA


| 2023-11-16 14:12:00

EH Bilduk harrigarritzat eta kezkagarritzat jo du 2024ko aurrekontuen tramitazioa eztabaidarik gabe ixteko Jaurlaritzaren erabakia. Oposizioko alderdiekiko kontaktuak hasi gabe ere amaitutzat eman ditu Pedro Azpiazu sailburuak, eta erabaki horrekin Urkulluren Gobernuak erakutsi du “ez dela garaia ondo irakurtzen ari, ez dela ohartzen oraingo hau gobernantza kolaboratiborako garaia dela, eta, horretarako, ezinbestekoak direla elkarrizketa, bestea aintzat hartzea eta baldintzak sortzea”, Nerea Kortajarenak adierazi duenez. “Argi dago Jaurlaritzaren aldetik ez dela akordiorako borondaterik izan”.

Aurrekontuen karpeta “eztabaidarik gabe ixtea erabaki du Jaurlaritzak”, eta hori oso larria da, EH Bilduko bozeramailearen ustez. “Hainbat arlo estrategikotan egiturazko arazoak metatzen ari diren honetan, Gobernuak erabaki du ez dela egokia horretaz eztabaidatzea. Gauzak berak planteatzen duen moduan bakarrik egin daitezkeela sinestarazi nahi digu, horrekin konformatu behar garela, baina guk argi dugu beste modu batean egin daitezkeela, eta egin behar direla”.

Osakidetzan itxaron zerrendak eta Lehen Arreta, etxebizitza, hezkuntza publikoa, ingurumena, zaintza sistema… estrategikoak diren arlo horietan guztietan arazoak pilatzen dira, ohartarazi du Kortajarenak alde horretatik, eta azpimarratu du EH Bilduk “zentzu komuneko proposamenak” egin dituela, arazo horiek guztiak konpontze bidean jartzeko asmoz. “Jaurlaritzak, ordea, ez du eztabaidatu nahi, baina jendeari azaldu beharko dio zergatik ezin dugun eztabaidatu nola murriztu itxaron zerrendak Osakidetzan edota nola indartu Lehen Arreta. Azken batean, gehiengo osoa izanik ere inoizko gobernu ahulena dela erakusten ari da”.