Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. EH Bilduren iritziz, “aurrekontu proiektua ikusita, sentsazioa ematen du Jaurlaritza agorturik dagoela, ez duela herritarrekin eta haien beharrizanekin konektatzen, ez duela erantzunik, ez duela etorkizuneko proiektu sendo bat”. Nerea Kortajarenak esan duenez, “Gobernu honen jarduna bezala, anbizio gutxiko aurrekontuak dira, ilusiorik sortzen ez dutenak, erantzunik eta ideiarik ez duen gobernu baten aurrekontuak, amore eman dutenen aurrekontuak”.
EH Bilduko bozeramailearen irudiko, aurrekontu proiektuak anbizio falta nabaria erakusten du Jaurlaritzak bertan jasotako asmoetan zein helburuetan. Anbizio falta horren hainbat adibide eman ditu Kortajarenak: langabezia tasa %10etik behera jartzea planteatzen da, baina ekainean %7,4koa zen jada; Osakidetzan, Lehen Arretan, mediku bakoitzak 32 paziente eguneko ikustea hartzen da helburutzat, baina iaz 30 paziente ikustea zen helburua, eta Pediatrian gauza bera gertatzen da, aurten helburua pediatra bakoitzak 24 haur eguneko ikustea delako, iaz baino hiru gehiago. Osakidetzan, gainera, klinika pribatuekiko kontzertazioa areagotzearen aldeko apustua egiten da; hau da, pribatizazio gehiago.
Kortajarenak gauzak beste modu batez egin daitezkeela aldarrikatu du, eta demagogikotzat jo du Jaurlaritzaren jarrera, jendeari sinestarazi nahi diolako aurrekontuak egiteko modu bakarra dagoela, Jaurlaritzarena, alegia. “Ez dago ezer hori baino demagogikoagorik. Murrizketak, pribatizazioak, herritarrek egunero pairatzen dituzten arazoak ez dira zertan ohiko bilakatu, ez dira zertan betikotu; ez gaude hemen konformatzeko”.
Bestelako aurrekontuak egin ahal izateko baliabideak egon badaudela ziurtatu ostean, Kortajarenak EH Bildu aukera hori baliatzeko prest dagoela esan du, eta akordioetara iristeko prestasuna adierazi du horren haritik, “eskuartean ditugun arazoei erantzun bat behingoz emateko eta etorkizunera begirako oinarriak ipiniko dituzten aldaketa estrukturalak ezartzeko”. Alde horretatik, Azpiazuri gogorarazi dio ez dela nahikoa Gobernuak akordioetarako borondatea duela esatea, zerbait adostu ahal izateko ezinbestekoa dela elkarrizketarako markoak irekitzea. Horri jarraituz, gogora ekarri du duela bi urte, Jaurlaritza eta EH Bildu akordio batera heldu zirenean, bi aldeen arteko elkarrizketak irailean hasi zirela, baina orain, ordea, “aurrekontuak prentsaren bidez ezagutu ditugu eta oraindik ez dugu Gobernuarekin hitz egiteko aukerarik izan; hitzordu bat ere ez dugu oraindik”.