AKTUALITATEA


| 2021-05-27 16:09:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du “txertaketa kanpainan gertatzen ari denak izenik ez duelako”, Rebeka Uberak adierazi duenez. Bere iritziz, “onartezina da Osasun Sailak Astrazenecaren lehen dosia jaso duten herritarrei bermeak ez ematea eta iradokitzea agian bigarren dosia jaso gabe geratuko direla Pfizer hartzeari uko eginez gero”. Izan ere, hori da Osasun Sailak iradokitzen duena pertsona horiei bidali dien gutunean, mezu hori gizartean sortzen ari den ezinegona kontuan hartu gabe.

Hori dela eta, Uberak berak erroldatu duen proposamenaren bidez, EH Bilduk gutun hori bidaltzeari uzteko eta barkamena eskatzeko galdegin dio Gotzone Sagardui buru duen sailari. Halaber, eskatzen dio bigarren dosian ere Astrazenecaren aldeko hautua egin nahi duten herritar guztiei txertoa jasoko dutela berma diezaiela. Proposamenaren arabera, 16 asteko epean Astrazenecaren bigarren dosia iritsiko ez balitz, Jaurlaritzak Pfizer txertoa jartzeko aukera ziurtatu behar die. “Horrela, herritarrek noiz arte itxaron behar duten jakingo lukete eta ziurgabetasun egoera ekidingo litzateke”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “ebidentzia zientifikoen arabera, Astrazeneca ipiniz gero 16 aste igaro daitezke lehenengo eta bigarren dosien artean; Kanadan, esaterako, hala egiten ari dira. Eta bigarren dosia Pfizer baldin bada, ez dago epea luzatzeko arazorik. Beraz, Osasun Sailari ebidentzia zientifikoak aintzat har ditzala eskatzen diogu, alegia, Astrazeneca hautatzen duten herritar guztiei bigarren dosia berma diezaiela eta Pfizer erabiltzera jo dezala 16 asteko epe hori gainditzen bada bakarrik. Herritarrei ziurtasunak eman behar zaizkie eta modu horretan jendeak argi edukiko luke tarte horretan Astrazenecaren bigarren dosia jaso ezean, Pfizer markakoa ipiniko zaiola”.