AKTUALITATEA


| 2021-03-25 15:37:00

EH Bilduk hauteskundeetan hartutako konpromisoari heldu eta Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua diseinatu eta onartzeko prozesua abian jartzeko proposamena defendatu du gaur Legebiltzarrean. Ponentzia bat sortzea proposatu du helburu horrekin, formula horrek kulturaren sektoreak prozesu horretan parte hartzea erraztuko bailuke. Koalizioaren proposamena, baina, bertan behera geratu da EAJ eta PSE jauzi kualitatibo hori ematearen kontra agertu direlako.
Josu Estarronak ohartarazi duenez, pandemiak euskal kulturgintzaren prekarietatea areagotu du eta hori, prekarietatea, sektoreak duen egiturazko arazoa dela inoiz baino argiago azaleratu du. Hortaz, azpimarratu du, are beharrezkoagoa da Artistaren Euskal Estatutua onartzea, kultur arloko profesionalek “sorkuntza ahalbidetu eta erraztuko duen arau-marko bat behar dutelako lan-baldintza minimoak ezartzeko, babes soziala emateko araudia egokitzeko, erretiro-prestazioak eta egile-eskubideengatiko diru-sarrerak bateragarri egiteko, fiskalitatea moldatzeko,  finantzazioa errazteko, nazioartekotzeko aukerak areagotzeko edota kontratazioak erregulatzeko”.
“Horietako arau batzuk garatzeko eskumen osorik ez badugu ere, beste asko, gure esku daude”, azaldu du Estarronak, eta, ildo horri jarraituz, gogorarazi du Kongresu espainolean onartutako Artistaren Estatutua, EAEn eragina izango badu ere, motz geratzen dela. Izan ere, ez du euskal ekosistema kulturala aintzat hartzen eta, ondorioz, ez dio behar bezala erantzuten euskal kulturgintzaren errealitateari, hainbat arlotan, zerga politikan, adibidez, EAEk eskumen osoa duelako.