AKTUALITATEA


| 2021-09-20 18:12:00

EH Bilduk ustezko iruzur kasu bat salatu zuen uztailean ETS-Euskal Trenbide Sarearen kontratazio batean, ustez lehiaketa publiko bat aldez aurretik bideratu ahal izan zuelakoan Sener Ingenieria y Sistemas enpresari 1,2 milioi euroko kontratu bat esleitzeko. Unai Fernandez de Betoño eta Josu Estarrona legebiltzarkideek susmo horren berri eman zuten publikoki lehiaketa haren baldintza-pleguaren izenburuak, hain justu, enpresa horren izena zeukala egiaztatu ostean. Horrek pentsarazten zuen kontratua aldez aurretik adostuta egon zitekeela ETS eta Senerren artean, lehiaketa publiko guztietan bermatu behar diren berdintasun, gardentasun eta lehia askearen printzipioak urratuta.

Iñaki Arriola Lurralde Planifikazio, Etxebizitza eta Garraio sailburua Legebiltzarrean agertu da gaur arratsaldean EH Bilduren salaketari erantzuteko, baina azalpenak ez dira nahikoa izan gertatutakoa argitzeko. Arriolak akats informatiko bati egotzi dio dena; azaldu duenez, akats horrek azalduko luke zergatik zen ‘Contrato Sener’ lehiaketaren baldintza-pleguaren PDFaren izenburua, hau da, gerora irabazle atera zen enpresaren izena.

Unai Fernandez de Betoñoren iritziz, sailburua ez da sinesgarria izan. “Bere azalpenak ontzat emanez gero, den-dena kasualitate hutsa izan dela onartu beharko genuke: kasualitatez, lehiaketa publiko baten baldintza-pleguak izenburu zeukan ondoren kontratua eskuratu zuen enpresaren izena, eta kasualitatez ere EH Bilduk enpresa hori irabazle aterako zela asmatu zuen notario aurrean lau hilabete lehenago, magoak bagina bezala eta kristalezko bola batean ikusi izan bagenu bezala. Dena kasualitatea izatea aukera bat da, baina ez da oso probablea. Eta kontratazio-prozesuari dagokionez, ez du argitu zergatik Senerren eskaintzak baloraziorik onena jaso zuen irizpide subjektiboen atalean, guztiz erabakigarria izan zena, nahiz eta azterketa teknikoan ohartarazi zen bere proposamenaren zati batek galera funtzionalak ekar zitzakeela”.