Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak Arabako Errioxako upategiak abandonatzea leporatu dio gaur Jaurlaritzari, Arabako Mahastiak jatorri deitura baliogabetu duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka helegitea jartzeari uko egiteagatik. "Beste behin ere, Arabako Errioxaren etorkizuna eskaintza onena egiten duenari saldu diote; haiena dena bakarrik defendatzen dute, eta argi dago inoiz ez dutela Arabako Mahastiak bere hartu, baina bai, bada, txakolinaren jatorri deiturak eta Euskal Sagardoa bezala. Horregatik, argi dugu arduragabekeria eta lotsagarria dela Jaurlaritzak errekurtsorik ez jartzea erabaki izana”.
Adierazi duenez, EAJ-PSE Gobernuaren erabaki horren funtsean Arabako Errioxako upategi horiek hasitako bidearen aurkako oposizioa dago, baina “bide zilegi eta legitimoa da, eta Jaurlaritzak defendatzeko obligazioa du, aldi berean bere eskumenak defendatuz”.
Etxebarriaren ustez, erabaki horrekin Lakuako Gobernua “Rioja jatorri deituraren zerbitzura jartzen ari da, haren aginduei men eginez eta haren abusuei aurre egin gabe. Jaurlaritzak duela 24 urte abandonatu zuen Arabako Errioxa, ez da ausartzen eskualdeari haren izena eta duintasuna itzultzera eta, gainera, ez ditu defendatzen Rioja izendapenari aurre egiten dioten upategien interesak, Rioja deituraren barruan etorkizunik ez dagoela argi eta garbi dioten upategi txiki eta familiarren interesak, alegia”.
Helegitea aurkezteko epea hilaren 23ra arte zabalik egongo dela gogorarazi ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du Jaurlaritzak "argudio juridikoak" dituela helegitea jartzeko, ABRAk eta Arabako Mahastiak izendapenaren kontseilu arautzaileak jada egin duten bezala. Izan ere, Arabako Mahastiak baliogabetzeko EAEko Auzitegi Nagusiak erabili duen lege-artikulua “ez da aplikagarria kasu honetan, autonomiaz gaindiko jatorri deiturei bakarrik aplikatu behar zaielako, eta Arabako Mahastiak jatorri deitura autonomikoa da”. Hori horrela, Arabako Mahastiak sustatzen duten upategiek “argi dute beren eskubideak eta interesak defendatu behar dituztela eta, jatorri deitura ez ezik, Arabako Errioxa osoaren etorkizuna eta bertako mahastizainen eta ardogileen eskubideak jokoan daudela”.