AKTUALITATEA


| 2021-03-22 16:58:00

EH Bilduk Aldaialde ikastetxeko obrak, Gasteizko Zabalgana auzoan, berehala lizitatzeko eskatu dio gaur berriz ere Legebiltzarrean Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi. “Aldaialdeko ikasleek bost urte daramatzate teorian behin-behinekoak izan behar zuten barrakoietan, baina egoera prekario hori betikotzen ari da Jaurlaritzaren aurreikuspen eta planifikazio faltaren ondorioz”, Maria Garde legebiltzarkideak salatu duenez. Gardek azalpenak eskatu dizkio horregatik sailburuari, “oraindik inork ez dakielako zein den haren estrategia korapilo hori askatzeko eta Aldaialde ikastetxe berria behingoz eraikitzeko”.
EH Bilduko ordezkariak premiazkotzat jo du obrak berehala lizitatzea, eta hala eskatu dio Bildarratzi. Gainera, gogora ekarri du koalizioak irtenbidea planteatu ziola Lakuari prozesua azkartzeko. Izan ere, Aldaialde eraiki behar den lursaila AHTren proiektuak baldintzatuta dago, baina, EH Bilduren aburuz, Trenbide Sektoreko Legea baliatu daiteke eskola, interes orokorreko eraikuntza gisa hartuta, eraikitzeko ADIFen baimen berezia lortzeko. Hala ere, EAJk eta PSEk alternatiba hori baztertu zuten eta arazoak konpontzeke darrai. Muinean, kritikatu du Gardek, “Hezkuntza Sailaren aurreikuspen eta planifikazio falta dago; horregatik atzeratzen dira beti oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak Gasteizko auzo berrietan. Zenbat urtez itxaron behar izan zuten Salburuako ikasleek Errekabarri eraikita ikusi arte? Zenbat itxaron beharko dute Salburuan institutu berriaren obrak martxan ikusteko? Eta zenbat Zabalganan Aldaialde eraikita ikusteko? Hezkuntza Sailarentzat Aldaialde lehentasunezkoa baldin bada, ekintzak behar dira, eta momentu honetan horrek lizitazioa egitea esan nahi du”.