AKTUALITATEA


| 2021-12-17 11:37:00

Pazis Garciak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta Donostiako Metroaren obretan aritzen diren langileek pairatzen dituzten lan-baldintza prekarioak salatu ditu, eta Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuari exijitu dio 2030 Euskal Enplegu Estrategian jasotako kalitatezko enplegu inklusiboaren aldeko hitzak praktikan jar ditzala, “Estrategia horretan jasotakoa ez baitator bat obra publikoko lan baldintzen errealitatearekin”. Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “AHTren obretan lan eskubideak eta lan segurtasuna eta osasuna sistematikoki urratzen dira: eraikuntza arloko hitzarmen kolektiboa ez betetzea, gehiegizko lanaldiak eta ordu extrak, lan karga eta erritmo gehiegizkoak eta azpikontratazio-kate luzeak”.

AHTren obretako prekarietatea berdin ari da gertatzen Donostiako Metroko obretan, ohartarazi du Garciak, eta kezka adierazi du AHTren obren kudeaketa Jaurlaritzaren esku uzteak ez duen hobekuntzarik ekarriko lan baldintzen esparruan. “Ezin da esan Lakuak enplegu inklusibo eta kalitatezkoaren alde apustu egiten duela eta aldi berean beste alde batera begiratzea AHT eta Donostiako Metroaren obretako prekarietatearen aurrean; bateraezina da”. Horren ildotik, obra publiko guztietan enplegu duina eta kalitatezkoa bermatzeko konpromisoa hartzeko eskatu dio Gobernuari, “obra horiek langileen bizitzekin ordaindu behar ez izateko, ezin delako prekarietatea sustatu diru publikoarekin”.

Horri jarraituz, Garciak gogorarazi du 2008tik 10 langile hil direla AHTren obretan eta, lan-baldintza duinak bermatu izan balira, heriotza horiek ekidin zitezkeela ziurtatu du. Halaber, azaldu du AHTaren proiektuan diharduten langile gehien-gehienak (ia %80) etorkinak direla, “itxaropen faltatik eta langabeziatik ihes egiten ari direnak, gero hemen euren kalteberatasunaz baliatzen diren enpresekin topo egiteko”.