AKTUALITATEA


| 2020-07-27 12:37:00

Azken urte luzeetan Aiaraldean pairatzen ari garen gainbehera sozioekonomikoaren beste adibide bat besterik ez da Tubacex enpresak aste honetan iragarri duen murrizketa. Enpresak adierazi duenez 10 milioi euro aurreztu nahi ditu guztira eskualdeko lantegietan, hau da, 150 lanposturi dagokion gastua da murriztea espero dutena.

Lehenik eta behin Laudioko Udalaren babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu langileei. Gure esku dagoen guztia egingo dugu eskualdean lanpostu bakar bat ere gal ez dadin. Zentzu honetan ere gure Udalerrian lan eta bizi diren herritar guztiei dei egiten diegu langileek eta sindikatuek gure herrietako lanpostuen defentsan antolatzen dituzten ekimen eta mobilizazioetan parte aktiboa izateko.

Laudioko Udalak azpimarratu nahi du Tubacex enpresako langileek bizi duten egoera ez dela gertaera isolatu bat Aiaraldean. Gure eskualdeak 90eko hamarkadako industria-birmoldaketaren ondorioak pairatzen jarraitzen du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ez dutelako inolako inbertsio esanguratsurik egin eskualdeko enpresen ekoizpen sistema eta berrikuntzan. Urtez urte, enpresak ixten joan dira edo deslokalizazio prozesuak bultzatu dituzte, eskualdeko langabezia-tasa Euskal Herriko altuenetako bat izatera heltzeraino, batez ere gazteen eta emakumeen artean. Gaur Aiaraldean 2.600 langabetu daude, eta Laudio eta Amurrioko langabezia tasak (%16,2koa eta %17,2koa, hurrenez hurren) erkidegoko altuenetarikoak dira.

Laudioko Udalak urteak daramatza Aiaraldeako adierazle ekonomikoak oso kezkagarriak direla esaten eta eskualde honek erakundeen aldetik arreta berezia behar eta merezi duela aldarrikatzen. Hori dela eta, duela urtebete baino gehiago Eusko Legebiltzarrak ponentzia bat sortu zuen Aiaraldeako egoera sozioekonomikoa aztertzeko eta eskualdea biziberritzeko neurriak zehazteko, erakundeen arteko jarduera-plan bat diseinatzeari begira. Laudioko Udalak Eusko Legebiltzarrari eskatzen dio, hastear dagoen legealdian ponentzia horrek merezi duen garrantzia izan dezan, irailean zehar lanak aktibatu ditzala.