Laudioarren artean adostasun handia duen zerbait bada, gure herrian arte eszenikoetara bideratutako espazio baten beharra da.Inork ez du ulertzen zelan gaur egun, 2022an, oraindik ez dugun Laudioko kultur eragile zein artisten jarduera sortzaile aberats eta oparoa eskaintzeko espaziorik. Laudion egon den blokeo politikoak antzokia bezalako aldarrikapen historikoa azken hamarkadetako udalbatzen egin beharrekoen zerrendan egin gabe geratzea ekarri du.
EH Bilduren lehen agintaldian, 2011-2015ean, egindako lehentasunen galdetegian eta Laudio 2025 oinarri estrategikoetan, argi geratu zitzaigun Antzokia errealitatea izatea nahi bagenuen hiru gai argitu beharra genituela: proiektuaren eredua, antzokiaren kokapena eta honen finantziazioa. EH Bilduk, gobernuan zein oposizioan, hiru aspektu hauek desblokeatzen lagundu du. 2011n, Estatuko Aurrekontu Orokorretan esleitutako diru-partida bat itzuli behar izan zenean, une hartan aurreikusten zen proiektu faraonikoari erantzuteko nahikoa ez zelako, alderdi subiranistatik ulertu genuen Laudioko egoera ekonomikora egokitutako proiektu bat baino ez zela bideragarria izango. Une horretatik aurrera, antzoki proiektu bideragarri eta egingarri bat defendatu izan genuen. Hori abiapuntu hartuta, EH Bilduren bigarren legealdian, 2015-2019an, antzokiko proiektu prozesua abiatua genuen. Alderdi politikoak bereizten zituen beste kontu bat etorkizuneko antzokiaren kokapena zen. Baina gure herriko familia politiko nagusi bien arteko akordioak, kultur espazioa Altzarraten kokatzeko erabakia ekarri zuen. 2022an, oraingoan oposiziotik, EH Bilduk berriz ere, kasu honetan Espainiako Kongresuan, bere indarra, borondatea eta bozka pertsonen beharretara eta gure Herriaren zerbitzura jarri ditu. Ezberdinen artean adostasunetara iristeko gaitasunaren beste adibide bat da; 2 milio euroko partida bat hitzartu dugu Estatuko Gobernuarekin antzokia finantzatzen laguntzeko.
Bi milio euroko aurrekontu-akordioa oso albiste ona da Laudio eta laudioarrentzat. Horrelako Herri proiektuek, hau da, herritarren adostasun nabaria biltzen duten azpiegiturek, Laudio gobernatu nahi dugunoi gure diferentziak alboratzeko eskatzen digute. Ezberdintasunak baztertu eta adostasunetarako gaitasuna erakutsi behar dugu. EH Bilduk bere kapital politiko guztia herriaren zerbitzura jarriko du oraindik Herri gisa ditugun erronka handiei aurre-egiteko. Azken 11 urteotan erakutsitako erantzukizuna oinarri hartuz, lanean jarraituko dugu.