Martxoaren 8an, Emakumeon Egunean, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da.
Aurten, Eudelen baitan adostutako adierazpena, Berdintasun Lege berriak ekarriko dituen onuretan oinarrituta dago, eta Laudioko EH Bilduk konpromiso eta erronka horiek bere gain hartzen baditu ere, erantzun ausartagoak eta integralagoak emateko momentua dela uste du.
Etengabe azpimarratzen ari dugu zaintzen krisi larri batean murgilduta gaudela; emakumeon bizkar gainean dagoen zaintza, bai ordaindua zein ordaindugabea, emakumeak pobretu, diskriminatu eta prekarizatu egiten ditu. Honen aurrean, zaintzen balio soziala aitortzea beharrezkoa izango da, eta horretarako, prekarizatutako zaintza sektorean egoera eraldatzeko neurriak aktibatzea eta etxeko lanen banaketarako baliabideak martxan jartzea funtsezkoak izango dira.
Gure aurtengo proposamena zaintza sistemari buruzko analisia egitea izan da, eta konpromiso kolektibo honi heltzeko, estrategia publiko-komunitarioak diseinatzea eta elkarrizketarako erabakigune bat sortzea proposatu dugu.
Horren alde lan egingo dugulako eta iraultza feministak ez duelako atzera bueltarik…
Gora borroka feminista!