Udal Batzarrean onartu dira Plan Orokorra idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak. Lasarte-Oria EH Bildutik ezezko bozka ematea erabaki dugu.
Lehenik eta behin, bai alderdi politiko zein herritarren partaidetza prozesua oso azalekoa izan delakoan gaude, Plan orokorraren lana modu ezkutuan egin denaren sentsazioa daukagu. Plan Orokorraren parte-hartze prozesuan, Hiritik At-ek egindako parte-hartze prozesuan herritarrek hainbat ekarpen eta proposamen egin arren; eta aurrerapen faseari herritar, elkarte, entitate eta alderdi politikook iradokizunak egin dizkiogun arren, ez da pisuzko aldaketa ala irizpiderik txertatzeko asmorik agertu, eta beraz, gure ustean hasierako onarpenaren idazketa lanari ekiteko ez da herritarren parte hartzea nahikoa kontuan izan.
Plan Orokorra idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburu orokorrekin bat bagatoz ere, Planaren Hasierako Onespena idazteko abiapuntua den aurrerapen-dokumentu honetan jasotzen denarekin gure desadostasuna adierazi behar dugu, ez baititu gure hiri-ereduan ezinbestekoak diren printzipioetako batzuk jasotzen.
Batetik, etxebizitza politika. Donostia jasaten ari den gentrifikazio eta turistifikazioa dela eta, Lasarte-Oriako etxebizitza salmentak eta alokairu prezioak asko hazi dira. Hori dela eta, Udalak ahalik eta etxebizitza parke publiko handiena sortu behar du: modu horretan udalak merkatuko prezioak baldintzatzeko aukera izango luke.
Plan Orokorrak Oria Gainen, herriaren periferian eta baliabide eta zerbitzurik gabeko eremu batean, kokatuko ditu etxebizitza babestu asko, beste aukera batzuk izan arren. Behar gehien dutenak, baliabide gutxien eskaintzen dituen eremuetara bideratuko ditu. Etxebizitza sozial eta babestuak erdigunean kokatu behar dira eta Kotxeraseko garapen urbanistikoak eta Okendon dagoeneko eraikitako 39 etxebizitzek horretarako aukera eskaintzen digute, eta bertan kokatu behar dira etxebizitza sozialak. Plan Orokorraren aurrerapenak hainbat lurzoru publikotan bizitegi erabilerako hirigintza jarduketak proposatzen ditu, eta beraz, lur horietan babestutako etxebizitzen kopuruak ahalik eta handiena izan beharko luke, %100 ahal balitz: alokairu sozialaren eskaintza handitu eta etxebizitza publikoen parkea handitu behar dira. Egun bizi dugun egoeran, Donostialdearen helburuak eredu austriarra jarraitzea izan beharko luke, alegia, etxebizitza parkearen erdia publikoa izatea, eta beraz, Lasarte-Orian gaur egun dugun %8a laukoiztea. Hartara, gure ustean hirigintza plan honek anbizio handiagoa beharko luke.
Bestetik, mugikortasunari dagokionez, mugikortasun jasangarriak behar du izan plan honen oinarria, eta horretarako oraingo ereduaren aurrean aldaketa argi bat ikusi behar da Plan orokorraren egikaritzean, ezin dugu egungo ereduari jarraitu:
Oinezkoei lehentasun eman behar zaie, eta horretarako, kale bizitza, nahiz bertako merkataritzan, eragin positiboa izango luketen esku-hartzeak behar ditugu. Adibidez, Kale nagusia eta geltoki kalea oinezko, bizikleta eta garraio publikoarentzat mugatzea serioski aztertu beharko litzateke.
Autoen ordezko izango den bidegorri sare indartsua sortu behar da: gure proposamenenartean, kale nagusian bidegorri ardatz zuzena eta auzoekin konexio egokiak daude. Udalerrian alde batetik bestera ibiltzeko modua aldatu beharra dago, eta eredu berriak egungo kotxeen lehentasun eredua ordezkatuz eta erabaki estrategikoak hartuz soilik lortu liteke.
Halaber, udalerriz gaindiko mugikortasuna ere kontuan hartzekoa dela uste dugu eta plan honen edukien artean lekurik ez badu ere, N1 errepidea lurperatu eta trenbidea Oriara luzatze eta lurperatzeko prozesua etorkizunean estrategikoak izan daitezkeela uste dugu. Udalaren eskumenetatik kanpo geratzen den arren, plan orokorra, hausnarketa prozesu moduan, tresna egokia da bi proiektu horien lanketa abiatu eta dagokion administrazioekin negoziatzen hasteko.
Horrez gain, espazio libre eta ekipamenduen beharrari ere ez dio behar bezala erantzuten HAPOak. Egun ditugun ekipamenduak txiki geratu dira herriak duen biztanle kopuruarentzat, eta etorkizunean aurreikusten den hazkundearentzat: musika eskola, liburutegia, eta abar. Behar horiei erantzuteko proposamenik ez da zehazten aurrerapen dokumentuan. Halaber, herritarrek egindako iradokizun bat baino gehiagotan emakumeen etxea sortzearen beharra aldarrikatu da, eta iradokizun horiek baztertu egin dira, udalak helburu hori ere bere egin behar du.
Espazio libreen kasuan, herritarrentzat espazio libre eta berde gehiago eta egokiagoak eskaini behar lituzke planak. Gure udalerriak hiri barnean gabezia nabarmena du eta plan orokor honek Atsobakarreko parkea erdira murriztea proposatzen du. Era berean, oraindik ez dago argi Kotxeraseko eremuan espazio libreek zein dimentsio izango duten, baina aurkezturiko aukeretan ez da ibai alboko pasealekua zabaltzen. Hartara, gure proposamena, orokorrean, udalerrian egiturazko espazio libre eta berdeek presentzia handiago hartzea da, eta zehazki, Kotxerasi dagokionez, parke berde eta autorik gabeko espazio libre egokiz hornitutako “Ekoauzo” batean bilakatzea izango litzateke.
Azkenik, jarduera ekonomikoei dagokionez, plan orokorrean, Teresategi eta Mitxelin II-ko proiektuak mantenduko dira eta, lehen esan bezala, bi proiektu horiek herriari ez die onurarik ekarriko; tokiarekiko inolako errotzerik izango ez duten eta egun batetik bestera lekualdatu daitezkeen enpresa multinazionalen ezartzea eta horiei loturiko lanpostu prekarioak soilik. Hartara, inguruko Udalerriek, Usurbil edo Andoainek esaterako, Euskal Herrian errotutako enpresa kooperatibo industrialak erakartzen dituzte, eta Lasarte-Oriak berriz, tokiko merkataritzarentzako kaltegarriak diren Leroy Merlin edo antzeko lowcost enpresak.
Hori guztia horrela izanik, ezezko bozka eman dugu. Ez baitzaigu iruditzen aipatutako puntuei behar bezala erantzuten dienik aurrerapen faseak, eta hasierako onarpena idazteko oinarria berau izango da.