Urte amaierako hilabeteak instituzioen agendan egindako lana baloratzeko eta datorren urterako aurreikuspenak egiteko momentua izan ohi dira. Ohikoa da garai honetan tokian tokiko gobernuek beren aurrekontu proiektuak prestatu eta aurkeztea, eta horien gaineko negoziazioak aurrera eramatea, eztabaidatzeko nola erantzun modu efektiboenean herriak dituen beharrei.
Lasarte-Orian, tamalez, oraindik ez dugu lan horretan hasteko aukerarik izan, udal gobernuak ez baitu jasotako baliabideak zertara bideratzeko asmoa duen argitu. Ez dugu jaso aurrekontu proiekturik, ezta 2021. urte honetan egindako lanaren baloraziorik ere. Ez dakigu zenbaterainoko betetze maila izan duen amaitzear den urte honetarako egindako proiekzioak eta ez dakigu zein diren hurrengo urteari begira Alderdi Sozialistak eta EAJk osatzen duten udal gobernuak sustatu nahi dituen proiektu estrategikoak.
Izan ere, Lasarte-Oriako EH Bilduk uste du, pandemia gainditzen ari garen une honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa dela argi izatea zein diren gure herriak dituen beharrak, zein diren horiei erantzuteko eskura ditugun baliabide eta tresnak, eta horiek nola egokitu behar ditugun herritarren interes eta beharrak asetzera.
Lasarte-Oriako EH Bilduk argi du: herritik, herritarrekin eta herritarrentzat gobernatu behar da, uneko beharrei irudimenez erantzunez eta lidergoak partekatuta. Azken hauteskundeak irabaztean ozen aditzera eman genuen: dugun arduraz kontziente gara, eta prest gaude lasarteoriatarrek eman diguten konfiantza politika efikazetan gauzatzeko.
Horregatik aurkezten dugu gaurkoan publikoki EH Bilduren 2022. urterako lan-ildo estrategikoen zerrenda:
1. Herriko jarduera ekonomikoak babestu eta berrindartu, aberastasuna herriko beharretan inbertitzeko: beharrezkoa da jarduera ekonomikoak gauzatzeko herrian ditugun espazioak zaindu eta babestea. Horregatik, Oriako industria-gunea berrurbanizatzearen, birgaitzearen eta birdentsifikatzearen alde egingo dugu. Industria-gune sendoak behar ditugu, lanpostu duinak bermatu eta babesteko.
2. Udal baliabideak herriko elkarte eta eragileen esku: Zumaburuko udal euskaltegiaren bulego zaharrak eraberritu eta herriko eragileen esku uzteko egokitzearen alde egingo dugu, parte hartzea oinarri izanik. Horrez gain, auzoetan udalak dituen lokalak egokitu eta auzo elkarteei esleitzearen alde ere egingo dugu.
3. Udal ondare eta zerbitzuen publifikaziorako politikak gauzatzea: heldu da garaia udalak bere zerbitzu eta jabetzak berreskuratzeko, enpresa pribatuen onura ekonomikoari erreparatu beharrean eskubideei lekua egiteko. Horregatik, udal eraikinetako garbitzaileen lanpostuak publifikatzearen alde egingo dugu eta egun udalarenak diren Okendoko etxebizitzak etxebizitza sozial izatera bideratu behar ditugula defendatuko dugu.
4. Espazio gehiago, espazio hobeak, espazio humanoagoak: Brijidatarren komentu paretik hasi eta Tajamar biribilgunera arteko Kale Nagusitik autoen joan-etorriak kanpo utzi eta oinezkoentzat espazio hori irabaztearen alde egingo dugu. Horrez gain, erdigunean aterpe bat ere beharrezkoa du herriak. Askatasunaren parkean horrelako azpiegitura bat sortzea beharrezkoa dela defendatuko dugu.
5. Udala indartu, herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko: pandemia osteko garaian sortutako zailtasunei aurre egiteko beharrezkoa da gizarte zerbitzuen departamentua indartzea (2 gizarte langile gehiago eta administrari bat), herritarrak behar bezala artatzeko eta itxaron zerrendak arintzeko. Horrez gain, berdintasun teknikari baten postua behingoz sortzea ezinbestekoa da. Hondarribia eta Lasarte-Oria dira Gipuzkoan horrelako langilerik ez duten tamaina ertaineko herri bakarrak.
Urte osoko gure lanak eman duen fruitua da lehentasun hauen zerrenda, eta horietan oinarrituko dugu gure jardun instituzionala hurrengo aste eta hilabeteetan -aurrekontuen eztabaidan, esaterako-, lasarteoriatarren interes eta beharrei erantzungo dieten politikak lortzeko.
Amaitzeko esan, ekimen zerrenda hau udal gobernuarekin ere partekatuko dugula, eskua zabalik baitugu beharren analisi partekatu batean oinarrituta herria eraikitzen jarraitzeko. EH Bildu prest dago lasarteoriatarren interesen alde beharrezkoak diren pausoak emateko