AKTUALITATEA


| 2022-02-28 08:32:00

Oraindik ere indarrean mantentzen den salbuespenezko politikaren ondorioz, dispertsio politikaren ondorioz, preso politikoak bisitatzera zihoazen 16 senide eta lagunek bizia galdu dute errepidean. ARGI ITURRALDE eta IÑAKI BALERDI lasarteoriatarren kasua da hori; momentu hartan, preso politikoa zen Juankar Balerdi senidea bisitatzeko egin behar zuten bidaia luzean bizia galdu zuten. JOXE BALERDI aita ere, semea bisitatzera zihoana, larriki zauriturik geratu zen.

Senide eta lagunek kilometro asko egin behar dituzte eta denbora luzea igaro behar dute errepidean preso politikoak bisitatu ahal izateko, horrek dakartzan ondorio guztiekin: gastu ekonomikoak, nekea, istripuak eta sufrimendua. Argi eta Iñaki hil zituen neurri politikoak; hots, preso politikoak haien etxeetatik urrun mantentzeko helburua duen salbuespenezko neurri politikoak, egun, indarrean jarraitzen du.

Eta berriro gogoratu behar dugu, salbuespenezko neurri horrekin, dispertsioarekin, preso politikoen giza eskubideak urratzeaz gain, senideen eskubideak ere urratzen dira. Senideak ere, kondenatuak izan gabe, zigortuak izaten baitira. Non dago salbuespenezko neurri horrek, egunero preso politiko eta senideen giza eskubideak urratzen dituen politika horrek, eragindako 16 biktima horien sufrimenduaren aitortza? Memoria ariketa egin eta sufrimendu guztien aitortzan urratsak eman behar dira, horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Gaur, 2022ko otsailaren 28an, Lasarte-Oriako EH Bilduk salatu nahi du, oraingoz, errepidean hil diren 16 senide eta lagun horien memoriaren aitortzaren eskubidea urratzen ari dela.

Era berean, dispertsioarekin amaitzeko deia egiten dugu: dispertsioa ehundaka zauritu eta 16 hildako horien erantzule zuzena delako, giza eskubideak uneoro urratzeko tresna delako eta euskal gizarteak hamaika aldiz horrela eskatu duelako. Horregatik guztiagatik, dispertsioarekin amaitzeko deia helarazten  dugu. 

Dispertsioari amaiera emateko ordua da. Hiritar guztien eskubideekiko ardura izateko garaia da, biktima guztiek, Argi eta Iñakik ere, egia, justizia, erreparazioa eta diskriminaziorik eza  izateko garaia da, salbuespenik gabe.