AKTUALITATEA


| 2020-02-19 20:28:00

2011-2015 legealdian aurkeztu zuen uneko Lasarte-Oriako Udaleko EH Bilduren gobernuak, EAJ-PNV eta Lasarte-Oriako Herritar Plataformaren babesarekin, Ana Urchueguiaren aurkako kereila, argitzeko hainbat urteetan zehar ustez egindako erabilera irregularra, Nikaraguako Somotora bidaltzen zen kooperaziorako diruarena.

Udalak aurkeztutako salaketa tramitera onartu zuen epaileak, eta orduz geroztik gaia epaitegietan dago, ikerketa fasean.

Lasarte-Oriako EH Bilduren asmoa, hartutako erabaki horiekin, beti izan da kooperaziorako diruarekin egindako kudeaketa iluna argitzea. Gure iritzitan, udal politikan jardutea herritik, herritarrekin eta herriarentzat jardutea da. Beti izan da horrela. Hortaz, ezin onartu daiteke udal baliabideen kudeaketaren inguruan inolako zalantza izpirik: gardena, zintzoa eta argia behar da izan. Hori  da EH Bilduren udal  politika egiteko moduan bereizgarria.

Pasa den astean jakin genuen epaileak salaketa behin-behinean artxibatzeko erabakia hartu duela. Errepikatzen dugu: behin-behinean.

Horren aurrean, uste dugu garrantzitsua dela zenbait azalpen ematea:

  • Behin-behineko artxiboa ez da erabaki bat. Hau da, epaileak ez du zehaztu Ana Urchueguiaren kudeaketa zuzena ala okerra izan zen.
  • Epaileak salaketa behin-behinean artxibatzea erabaki du, ikerketarekin jarraitzeko informazioa falta duelako.
  • Esaterako, azken 4 urteetan (2015-2019 legealdian, zehazki), 3 erreguzko mandatu (“comisión rogatoría” gaztelaniaz) bidali dira Nikaraguara, bertan dagoen informazio guztia Euskal Herrira bidaltzeko eskatuaz, epaitegiek ikerketarekin aurrera jarraitu zezaten.
  • 3 kasuetan ez da inolako erantzunik eta dokumentaziorik jaso.

Horren guztiaren aurrean, gaurko prentsaurreko honen bidez honakoa nahi dugu aditzera eman Lasarte-Oriako EH Bilduren izenean:

  • Gure determinazioa argia da: ikerketa bururaino eraman behar da, argitzeko diru publikoaren kudeaketan izandako ustezko irregulartasunen erantzuleak zein izan ziren.
  • Ikerketa bururaino eramateko gure esku dauden beharrezko baliabideak mahai-gainean jartzeko gure konpromisoak bere horretan dirau.
  • Hori dela eta babestu dugu epailearen behin-behineko artxiboaren erabakiari bi helegite aurkeztea: bata, pasa den ostiralean onartu zena eta Lasarte-Oriako Udalaren izenean aurkeztuko dena; eta bestea, Pablo Barrio alkate ohiaren izenean, akusazio partikular gisara aurkeztu dena.

Larria da informazioa falta delako horrenbeste denboraren ostean oraindik ustezko kudeaketa irregularrek argitu gabe jarraitzea. Larria, Lasarte-Oriako herritarron baliabide publikoak modu okerrean kudeatu ote diren jakin gabe jarraitzea. EH Bilduren determinazioa argia da: egia osoa nahi dugu. Eta horretarako, prest gaude beharrezkoak diren pausoak emateko.

Argazkia: Txintxarri