AKTUALITATEA


| 2024-11-13 12:55:00

Alemaniako Volkswagendik iristen ari den berriak kezka eta ezinegona sortzen ari dira Nafarroan, bai Landabengo lantegiko langileen artean, bai automobilgintzako industria-sarean ere. Egoera "ezezagunaren" aurrean, Bel Pozueta EH Bilduren diputatuak Kongresuan neurriak hartzeko eskatu dio Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroari, "lanpostuak babesteko eta sektore publikoaren bideragarritasuna eta jarraitutasuna bermatzeko".

Diputatuak ministroari eskatu dio, Nafarroako erakundeekin elkarlanean, esparru bateratu bat ezartzeko, sektoreko enpresak, langileen ordezkariak eta bi gobernuak bilduko dituena, egoeraren bilakaeraren eta aurreikusitako eraginaren arabera beharrezkoak diren neurriak eraginkortasunez eta aurreikuspenaz hartu ahal izateko. "Arazoei aurrea har diezaiegun, saihestu ahal izateko. Gure ekonomiaren eta enpleguen zati nabarmen baten etorkizuna dugu jokoan", zehaztu du.

Automobilgintzaren sektorea Nafarroako BPGaren %30 inguru da, Landabengo Volkswagenen lantegian 13.000 lanpostu biltzen ditu eta 120 enpresa laguntzailek osaten dute. "Gure lurraldeko enplegu guztiaren %5'5 automobil-industriaren mende dago, eta Estatuan, berriz, %1,1a. Motor ekonomiko eta laborala da nafarrentzat", gogorarazi du. "Horri gehitzen badiogu Estatu Batuek sektore horri muga-zergak ezartzeak sortzen duen ezegonkortasuna, ziurgabetasuna nabarmena da". Horregatik, Espainiako Gobernuak Nafarroan izan dezakeen eraginari buruz duen informazioa eta aurreikuspenak eskatu dizkio ministroari.